Gernikaren egiak ikusiko dira hilaren 26an
Apirilean aurkeztutako liburuaren ostean, ikus-entzunezkoa prestatu du Gite-Ipesek. Gernikan egia asko daudela erakutsi gura du lanak. Bilbon egingo dute aurkezpena goizean, eta Astran arratsaldeanApirilean liburua kaleratu ondoren, Gernikaren Egiak ik...
Apirilean aurkeztutako liburuaren ostean, ikus-entzunezkoa prestatu du Gite-Ipesek. Gernikan egia asko daudela erakutsi gura du lanak. Bilbon egingo dute aurkezpena goizean, eta Astran arratsaldean
Apirilean liburua kaleratu ondoren, Gernikaren Egiak ikus-entzunezkoa aurkeztuko du orain Gite-Ipesek. Urriaren 26an egingo dute lan berriaren aurkezpena, Bilboko BIBA espazioan eta Gernika-Lumoko Astran. Hain zuzen, 11:30ean izango da Bilboko aurkezpena, eta 19:00etan Gernika-Lumon egingo dutena. Horrez gain, Gernika BHI institutuan ere egingo dute ikus-entzunezkoaren aurkezpen saioa, ikasle asanbladagaz elkarlanean. 10:00etan izango da azken aurkezpen hori.Atzo eguerdian ikus-entzunezko horrek bilduko duenaren aurrerapen bideoa zabaldu zuen Gite-Ipesek. Eztabaida soziala sustatzeko eta lanketarako tresna bezala aurkeztu zuten liburuak zabalpen handiagoa behar duela ohartuta prestatu dute ikus-entzunezkoa. Horretarako, Gernika-Lumoko hainbat ahots bildu dituzte azken hilabeteetan.
Gite-Ipeseko Haritz Petralanda eta Ibon Meñikak azaldu zutenez, liburuagaz ikusi zuten Gernikaren dimentsio politiko, sozial eta kultural horren bitartez eztabaida soziala sustatzeko euskarri bat sortu zutela. «Oso pozik gaude garrantzia eta garapen hori eduki duelako proiektuak berak. Azken batean, horrek eraman gaitu gogoetatzera, euskarri gehiagoren beharraz gogoetatzera, eta horrek ekarri gaitu gaurkora», aipatu zuten HITZAri egin zizkioten adierazpenetan.
Aitortza eta ahotsa eman
Ikus-entzunezkoan Gernikaren egiak jaso dituzte. Orain 30 urte Gernika-Lumon historialariak bildu zituen mahai inguruaren grabazioa oinarri hartuta, gaur egungo errelatoak, hausnarketak, iritziak bildu dituzte. «Gernikan egia asko daudelako, eta mundu zabalean Gernika asko daudelako».
Hainbat pertsona elkarrizketatu dituzte, gernikarrak eta Gernikara etorritakoak, eta, oraingoan, emakumearen ikuspuntuak, emakumeen errelatoak, emakumearen egiak pisu handia edukiko duela jakitera eman dute proiektuaren bultzatzaileek.
Herri memoria gaurko lanabesa delako, eta oroimena ez delako atzera begiratzea bakarrik, etorkizuna ahanzturan ez geratzeko apustua egin nahi du Gite-Ipesek. Horretarako, ahots ezberdinak bildu gura izan ditu, eta gaurko ikuspegitik eztabaida sozialean egon daitezkeen iritzi eta ekimenei dagokien aitortza eta ahotsa eman. Hori baita egitasmoaren xedea. Orain 30 urte historialariek ikuspuntu akademikoa aurkeztu zuten Gernika-Lumon; «orain jendeak hartu du bere gain Gernikako egiak ezagutarazteko ardura hori, eta hori interesgarria da».