San Andresko bizilagunek auzoa berriztatzeko proiektua aukeratuko dute
Bi proiektu proposamen aurkeztu dizkie Lekeitioko Udalak, eta bien artean egin beharko dute aukeraketa. Bozketa bat egingo dute urriaren 21ean gustukoena dutena aukeratzekoZe eratako auzoa nahi duten erabakitzeko garaia ailegatu zaie San Andres auzoko ...
Bi proiektu proposamen aurkeztu dizkie Lekeitioko Udalak, eta bien artean egin beharko dute aukeraketa. Bozketa bat egingo dute urriaren 21ean gustukoena dutena aukeratzeko
Ze eratako auzoa nahi duten erabakitzeko garaia ailegatu zaie San Andres auzoko bizilagunei. Eurekin batera aurrera eramandako parte hartze prozesutik irtendako bi proiektuak aurkeztu dizkie Lekeitioko Udalak, eta urriaren 21ean gustukoena bozkatuko dute.Uztailaren 4an batu ziren auzotarrak eta udala, eta bilera horretan jasotako informazioa eta ekarpenak jaso eta aztertu ondoren, San Andres auzoa berriztatzeko bi proiektu proposamen osatu dituztela jakitera eman du Lekeitioko Udalak. Joan den barikuan aurkeztu eta azaldu zizkieten auzotarrei proposamen biak, eta hurrengo pausoa behin betiko proiektua aukeratzea izango dute. «Urriaren 21ean bozka gehien lortzen dituen proiektua izango da garatuko dena», azaldu du udalak.
Bozketa kultur etxeko Agustin Basterretxea gelan Azkue kaletik sartuta egingo dute, 10:00etatik 13:30era. Udalak argitu duenez, etxebizitza edo lokal bakoitzak boto bakarra emateko aukera izango du. «Jabea NAgaz aurkeztu beharko da bozkatu ahal izateko, eta jabe bat baino gehiago egongo balitz, euren arteko adostasuna lortu beharko lukete».
Bozketa egunean bertan zabalduko dute boto kutxa San Andres auzoko atari bakoitzeko lehendakarien aurrean, eta Lekeitioko Udaleko idazkariak emai- tza ziurtatuko du. Aukeratutako proposamena osatu eta publikoki ere aurkeztuko dute, bere xehetasunak azaltzeko, itxura, forma edota materialak, besteak beste.
Zaharkituta
Lekeitioko Udalak gogora ekarri duenez, San Andres auzoa 1966 eta 1967 urteetan eraikitako bost eraikin lerrokatuk osatzen dute. «Eremua hasieratik amaitu gabe egon da, espazio publikoaren, kaleen eta sarbideen urbanizazioari dagokionez, eta oraindik amaitu gabe jarraitzen du leku batzuetan». Arazo handienen artean, auzoak iriste erraztasun falta, inguruarekiko konexio traketsa eta urbanizazio zaharkitua dituela esan dute. Hori dela eta, auzokideen urteetako eskariari erantzunez, San Andres auzoko espazio publikoaren hobekuntza orokorra posible egingo duen urbanizazio obren proiektua idatzi, eta proiektuaren exekuzioa burutzeko konpromisoa hartu zuen udalak.