555 bat pertsonak aurrez izena eman dute Ermitarik Ermita mendi martxan
Ibilbide luzea eta berezia egitera doazenek 08:00ean dute irteera-ordua, eta 10 km-koaren parte hartzaileek 10:30ean. Urregarain, Garatxagan eta Lekerikan hornidura guneak jarriko dituzteZapatuan egingo dute Aulestin hamabigarren urtez antolatu duten E...
Ibilbide luzea eta berezia egitera doazenek 08:00ean dute irteera-ordua, eta 10 km-koaren parte hartzaileek 10:30ean. Urregarain, Garatxagan eta Lekerikan hornidura guneak jarriko dituzte
Zapatuan egingo dute Aulestin hamabigarren urtez antolatu duten Ermitarik Ermita mendi martxa. Urriaren 11a arte jarri zuten aurretiaz izena emateko epea, eta 555 bat pertsonak izena eman dute.Aurten martxaren egunean bertan izena emateko aukera eman dute. Zapatuan izena ematen dutenek baina, ez dute kamiseta oroigarria jasotzea ziurtatuta.
Hain zuzen, urtero moduan mendi martxa amaieran kamiseta oroigarriak banatuko dituzte plazan, eta kopaua egongo da parte hartzaile guztientzat. Kopauan parte hartzeko eskumuturrekoa erakustea beharrezkoa izango da.
Era berean, urtero legez, mendi martxa hasi aurretik, tabernak zabalik egongo dira parte hartzaileek gosaldu ahal izateko.
25 kilometro izango ditu ibilbide osoak, eta laburrak, ostera, 10 kilometro.
Halaber, 29 kilometroko ibilbidea ere prestatu dute. Baina, jakitera eman dutenez, eguraldiaren arabera erabakiko dute Ilunzarrerainoko ibilbide hori egin ala ez.
08:00etan herriko plazatik irtengo dira ibilbide osoko zein bereziko parte hartzaileak.
25 kilometroko martxa bost ordu eta erdian egin ohi dute. Berezia burutzeko, berriz, ordubete bat gehiago behar da.
Bestalde, 10 kilometroko ibilaldia egiteko 10:30ean irtengo dira parketik. Hiru bat ordutan amaitzeko ibilbidea denez, umeekin doazen familientzat aproposa da.
Anoa postuak
Martxan parte hartzen duten herritarrek ibilbidean hiru hornidura gune izango dituzte indarberritzeko: Urregaraiko zelaian, Garatxagan eta Lekerikan.
Beste alde batetik, martxa amaitzean gura duenak dutxatzeko aukera edukiko du.
Antolatzaileek pare bat zehaztapen egin dituzte: mendi martxara ezin da txakurrik eroan, eta ibilbidean zehar zein hornidura guneetan hondakinak zakarrontzietara botatzeko eskatu dute.