Jendetza batu da Ibon Iparragirre etxeratzea eskatzeko
Ondarroako Udaleko EH Bilduko eta EAJko hautetsiek ere arte hartu zuten manifestazioan. Abokatuen kudeaketek emaitza onik ez dute ekarri oraingozAspaldiko manifestaziorik jendetsuena izan zen domeka eguerdian Ondarroako kaleak zeharkatu zituena. Ibon I...
Ondarroako Udaleko EH Bilduko eta EAJko hautetsiek ere arte hartu zuten manifestazioan. Abokatuen kudeaketek emaitza onik ez dute ekarri oraingoz
Aspaldiko manifestaziorik jendetsuena izan zen domeka eguerdian Ondarroako kaleak zeharkatu zituena. Ibon Iparragirre preso gaixo larriaren egoera dela eta hainbat herritar zein kanpotik etorritako jende andanak lepo bete zituzten Ondarroako kaleak.13:00 pasatxo zirenean hasi zen manifestazioa Alamedatik. Buruan, bi pankarta; lehenengoa Iparragirreren senide eta lagunek zeramaten, eta Ibon etxea, bixik! zioen. Bigarrena berriz, Ondarroako Udalean ordezkaritza duten bi alderdietako kideek eraman zuten, hau da, EH Bildu eta EAJko zinegotziek. Ibon eta larriki gaixo dauden presoak etxera zioen bigarren pankartak.
Alamedatik hasi eta Alde Zaharretik igaro ondoren, Zaldupeko zubira iritsi baino lehen beherantz egin zuen manifestazioak, Ikastola kalea zeharkatu eta berriz ere Alde Zaharrera iristeko. Euripean egin zuten bertaratuek ibilbidearen zati handiena, «Ibon etxera», «Non daude Giza Eskubideak?» eta «Gaixo larriak, etxera!» oihukatzen zuten bitartean. Jendetza hurbildu zen, eta manifestazio burua Ikastola kaletik San Ignazio kalera berriz ere sartu zenean, azken manifestariak oraindik ere bertan ziren, hau da, hasierakoek ia amaierakoekin topo egin zuten San Ignazio kalean.
Amaiera
Musika Plazan amaitu zen manifestazioa. Bertan, Iparra Galdu Baik plataformako ordezkari batek eta Iparragirreren anaiak hartu zuten hitza, Ibon etxera ekartzeko eskatzeko eta azken albisteen berri emateko. Anaiaren esanetan, «abokatuen azken lanek ez dute inolako emaitzarik eman, eta hori gutxi balitz Ibon gainera ziegaz ere aldatu egin dute». Gaineratu zuen, Ibonek elkartasuna behar duela, eta baita familiak ere. Orain arte Ibon etxera berandu baino lehen ekartzeko eskatzen zuela azpimarratu zuen Iparragirrek, baina beharbada orain beranduegi dela ere argi laga nahi izan zuen.
Bestalde, Ibonen lagun eta bertsolari Oihane Enbeitak berari zuzendutako bertso bat bota zuen, Amets abestiaren doinuan.
Amaitzeko, presoaren beste lagun batek idatzitako mezu bat entzun ahal izan zen bozgorailuetatik. Ibon lehenbailehen etxera ekartzeko eskariarekin eta txalo zaparrada bategaz amaitu zen manifestazioa.