Nagusien elkarteetako kideek egiten duten lana aitortu eta omendu dute
Lea-Artibaiko Itsas Baserri Elkartea osatzen duten eta Eako Beletxe eta Ereñoko Ereñozar elkarteen lana nabarmendu dute. Denek 20 urtetik gorako ibilbidea burutu duteLea-Artibaiko Itsas-Baserri Elkartea osatzen duten elkarteek eta Eako Beletxe eta Er...
Lea-Artibaiko Itsas Baserri Elkartea osatzen duten eta Eako Beletxe eta Ereñoko Ereñozar elkarteen lana nabarmendu dute. Denek 20 urtetik gorako ibilbidea burutu dute
Lea-Artibaiko Itsas-Baserri Elkartea osatzen duten elkarteek eta Eako Beletxe eta Ereñoko Ereñozar elkarteek egiten duten lana omendu zuten atzo Lekeitioko Ikusgarri aretoan.Lore eskaintzagaz, bertsoakaz, dantzakaz eta Lekeitioko abesbatzaren emanaldiagaz girotutako omenaldi ekitaldian, elkarte guztietako lehengo eta oraingo ordezkariek egiten duten lana azpimarratu zuten.
Loreekin batera, pergamino bana ere jaso zuten. Besteak beste, bertan elkarteak sortu eta harremanak sendotu zituztenetik urteak igaro direla aipatzen da, eta adinekoen alde lan «bikaina eta egiazkoa» burutu dutela. «Egin daigun bat lagunok, gure erronka barriak lortuz, auzoak zein elkarteak lotuz, ondorengoei bide sendo bat zabalduz».
Maite Zabala Ispasterko Bizi eta Jon Larrinaga Eako Beletxe elkarteetako kideek hartu zuten hitza elkarte guztien izenean. Horiek Ikusgarri areto ederra jendez beteta ikustea «poztasun handia» dela adierazi zuten.
Elkarte denek 20 urtetik gorako ibilbidea burutu dute, eta besteren artean, elkarte horiek sortzeko zereginean aritu ziren herritarrak izan zituzten gogoan. Hala, gaur egungo elkarteetako batzordea osatzen duten ordezkarien eskutik lore sorta bana jaso zuten sorrerako kideek. «Gaur ospatzen eta omentzen ditugunak orain dela 25, 26, 24, 20… urte herri bakoitzetan sortzen joan ziren nagusien elkarteak dira. Pentsatu dugu denok elkar omentzea eta eskertzea orain arte nagusien elkarte guztiek egin duten lana. Denona da gaurko ospakizuna, eta denona da omenaldia».
Gizarte langileen lana
Elkarteetako batzordeetako kideak zein elkarteekaz bat egin dutenen lanaren garrantzia ezinbestekoa dela zehaztu zuten: «Batzordeek ezin dute ezer egin, nagusiak batzen ez badira». Horrekin batera, gizarte langile eta gizarte laguntzaileen lana goraipatu zuten, eta horietako lauri lore sorta bana ere eman zioten.
Bestalde, Gizaburuaga da nagusien elkartea ez daukan eskualdeko udalerri bakarra, baina bertako nagusiei ere keinu bat egin zieten, lore sorta bategaz: «Nagusien elkarterik ez duen herri bakarra da; horrek ez du esan nahi nagusiak elkartuta ez daudenik. Badute belaunaldien arteko elkarte kultural bat, eta hor egiten dute nagusien lana».
Halaber, udalen, Lea Ibarra Udal Mankomunazgoaren, Lea-Artibai Amankomunazgoaren zein Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere eskertu zuten. Hain zuzen, eskualdeko zenbait alkate eta Mikel Ansotegi Lea Ibarra Udal Mankomunazgoaren eta Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoaren presidenteak ere egon ziren Ikusgarrin. Eta Roberto Martinez Nagusiak Bizkaiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Elkarteko presidenteak ere parte hartu zuen ekitaldian.
Era berean, ekitaldira hurreratu ezin izan zuten jubilatu eta pentsiodunak eta zendu direnak ere gogora ekarri zituzten: «Elkarteetan hainbeste urtetan lan asko egin duten, baina gure artean ez daudenak ere gogoratu nahi ditugu. Horietako bat da Sabin Ipiña eta orain dela hamabost egun joan da gure artetik». Hala, hildako guztien omenez minutu bateko isilunea egin zuten.