Bera Kruz, aurrera begira
Ikastolaren sorreraren mendeurrena ospatu eta martxan jarri dituzten instalazio berriak inauguratu ditu Bera Kruz ikastolak, giro ezin hobean. Ikas komunitate eta erakundeetako ordezkariak batu dira hitzordu garrantzitsura.Mesedetako mojek Markina-Xeme...
Ikastolaren sorreraren mendeurrena ospatu eta martxan jarri dituzten instalazio berriak inauguratu ditu Bera Kruz ikastolak, giro ezin hobean. Ikas komunitate eta erakundeetako ordezkariak batu dira hitzordu garrantzitsura.
Mesedetako mojek Markina-Xemeinen ikastetxe txiki bat sortzea erabaki zutenetik 100 urte igaro dira, eta ordutik, gauza asko bizi izan ditu Bera Kruz ikastolak. Azken aldaketa handia urteotako eraldaketa prozesua, instalazioetan zein irakaskuntza metodologian. Horixe gogoratzeko eta ospatzeko bildu ziren zapatuan lehengo, ikasle, irakasle, guraso, laguntzaile, langile, zentroaren arduradun zein erakundeetako ordezkariak; oroitzapenak eta esker oneko hitzak izan ziren nagusi.11:00etan hasi zituzten ospakizunak, Mertzedeko elizan egindako elizkizunagaz. Xemein Gazte Ahots Abesbatzak parte hartu zuen elizkizun berezian. Ikastolako jolastokian bildu ziren gero, Algara musika taldea entzuteko, eta Zerutxu dantza taldeko lau dantzarik aurreskua egin ondoren ailegatu zen ekitaldi instituzionala.
Idoia Ventura Bera Kruzeko zuzendariak hartu zuen hitza lehen, eta ikastolak garaian garaiko aldaketetara egokitzen jakin duela esan zuen, jende askori esker. «Instalazio berriak inauguratzen ditugu, eta nik eskerrak emateko hitzak baino ez ditut».
Nerea Begoña Elizbarrutiko ikastetxeen zuzendariak ikastolaren hezkuntza eredua jarri zuen ondoren balioan. «Ikastola osatzen duten guztiek beti nahi izan dute eurena den proiektua, eta ekitaldi hau horren ezaugarria da». Eta Erromatik etorri berri, Arantza Lertxundi Berrizko Mercedarias Misiolarien bikario nagusiak eraldaketa horren ondo egiteagatik zoriondu zuen ikastola. «Hainbat urtetako lanaren fruitua ikusi dugu gaur. Guretzat hezkuntza oso garrantzitsua da, eta gauden leku guztietan hezkuntza integrala, kalitatezkoa eta hezitzailea bultzatzen dugu». Azkenik, Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde eta ikasle ohiak ikastolak moldatzeko izan duen joera nabarmendu zuen.
Eskultura
Jose Pablo Arriagak ikastolarentzat egindako eskultura ikusteko momentua ailegatu zen ondoren. «Oso polita da niretzat hemen egotea, eta pozgarria niri konfiantza ematea lan hau egiteko». Egurragaz barik, eskultura harri akrilikoagaz egin duela azaldu zuen Arriagak, garai berrietara egokitzeko gaitasuna adierazteko. «100 urte azaltzea eskultura batean oso gaitza da. Lore zabal bat egin dut, eta zabalik geratzen dena eskola da, hiru pieza daude solte, horiek ikasleak dira. Lore sorta bat modukoa da, osatuta dagoenean zabaltzen dena».
Juanjo Txurruka alkatea, Felix Alonso Elizbarrutiko bikario nagusia eta Lourdes Gorostola Espainiako estatuko MBB koordinatzaile orokorra ere egon ziren ekitaldian. Zinta mozketa eginda, instalazio berrietara bisita egin zuten ostean, herri bazkarian bildu aurretik.