Alexis Apraiz gernikarrak omenaldi beroa jaso du Santanape frontoian
Promozioko lau t'erdiko txapelketaren finalerdian Peña II.ak 22-4 irabazi dio Elordiri. Artolak eta Albisuk osatutako bikotea 22-12 nagusitu zaie Irribarria eta ZabaletariUrriko Azken Astelehenean pilota jaialdi berezia egon zen Gernika-Lumoko Santana...
Promozioko lau t’erdiko txapelketaren finalerdian Peña II.ak 22-4 irabazi dio Elordiri. Artolak eta Albisuk osatutako bikotea 22-12 nagusitu zaie Irribarria eta Zabaletari
Urriko Azken Astelehenean pilota jaialdi berezia egon zen Gernika-Lumoko Santanape pilotalekuan. Alexis Apraiz Asegarceko pilotari ohia omendu zuten Arkupe Pilota Taldeak eta Gernika-Lumoko Udalak.Ekitaldi hunkigarria izan zela nabarmendu du gernikarrak: «Giro ona egon zen, eta oso polita izan zen». Seme-alabekin atera zen kantxara, eta ohorezko aurreskua eskaini zioten.
Era berean, Arkupekoek plaka bat oparitu zioten. Herriko jai nagusienetakoa den honetan omenaldia jasotzea berezia izan zela adierazi du.
Udalerriko esku pilota elkarteko ordezkariekin batera, Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak eta Jon Lejarra Kirol zinegotziak parte hartu zuten omenaldi ekitaldian.
Partiduak
Kirol arloari dagokionez, promozioko lau t’erdiko txapelketaren finalerdia lehiatu zuten astelehen arratsaldean Peña II.ak eta Elordik. 22-7 nagusitu zen Peña II.a, eta, ondorioz, finalerako txartela eskuratu zuen.
Hain zuzen ere, azaroaren 11n (zapatua) Agirreren kontra jokatuko du Iruñeako Labriten promozioko lau t’erdiko txapelketaren finala.
Beste alde batetik, Artola-Albisu eta Irribarria-Zabaleta bikoteen arteko partiduaz gozatu zuten Santanapen bildutakoek. 22-12 irabazi zuten Artolak eta Albisuk.