Lekeitio herri lagunkoia bihurtzeko lanean ari dira herriko nagusiak
Atzo goizean aurkeztu zuten lantaldea Barandiaran aretoan egindako ekitaldian. Herriak zein beharrizan dituen jaso eta konpontzeko bideak jarriko dituzteLekeitio herritar guztientzako atsegina izateko lanean dabil hamalau laguneko lantaldea. Herria adi...
Atzo goizean aurkeztu zuten lantaldea Barandiaran aretoan egindako ekitaldian. Herriak zein beharrizan dituen jaso eta konpontzeko bideak jarriko dituzte
Lekeitio herritar guztientzako atsegina izateko lanean dabil hamalau laguneko lantaldea. Herria adin guztientzako herri lagunkoia bihurtzeko prozesu parte hartzailea abian jarri zuen urte hasieran Lekeitioko Udalak, eta herritarrak deitu zituen proiektua aurrera eramango zuen talde eragilea osatzeko. Talde hori eta gauzatzen ari diren proiektua aurkeztu zituzten atzo goizean Lekeitioko Barandiaran aretoan egin zuten ekitaldian.Gaur egun biziraupena luzeagoa dela eta pertsona gehienak 80 urte baino gehiago bizi daitezkela gogora ekarri du aurkezpenean Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ongizate, Emakumea eta Berdintasuna zinegotziak. Alde batetik, baliabide batzuk daudela esan du, eta oztopoak, bestetik. Baina bizitza luzeagoa oso baliabide baliotsua dela azpimarratu du, «zahartzaroa zelan bizi eta bizitza osoa zelan garatu birpentsatzeko aukera ematen duelako. Ez bakarrik adinekoentzat, baizik eta adin guzti- entzat».
Aukera horregaz baliatuta, gizarte inklusibo eta atsegin bat sortu nahi dute denentzat, eta prozesu horretako protagonistak adinekoak izango dira. «Euren esperientziaren arabera jakingo dugu herriak zein beharrizan dituen eta beharrizan horrek zelan bideratu». Lanketan gazteak ere kontutan edukiko dituztela azpimarratu du Antxustegik: «Denentzat atsegina izango den Lekeitio bat nahi dugu».
Apiriletik martxan
Lantaldea apirilean hasi zen martxan, eta hilero batzen da, eta erakusten ari diren inplikazioa eskertu nahi izan die zinegotziak. «Proiektu hau ez da epe laburrekoa izango, baizik eta epe luzeko konpromisoa izango da». Taldea anitza dela ere jakitera eman zuen. «Bere bizitzan esperientzia ezberdinak izan dituen jendea batzen du».
Proiektua hainbat arlotan landuko dute: etxebizitza, garraioa, eraikinak, harremanak… Eta talde eragilea lantalde hau bada ere, datorren urtetik aurrera herritarren parte hartzea eskatzen hasiko direla aurreratu dute, «arlo ezberdinak denen artean jorratzeko».
Bizitzen ere bidelagun
Lekeitioko Udalagaz gain, Bizitzen Fundazioa ere bidelagun dauka lantaldeak prozesuan. Fundazioko koordinatzaile Izko Cardenalek azaldu zuenez, prozesu hau Munduko Osasun Erakundearen ekimen bat da, eta hainbat herri eta hiritan ari dira garatzen. «Epe luzerako prozesu bat da, eta lau fase nagusi ditu. Lehen fase horretan ari gara gu lanean; talde eragilea sortzen, prestatzen eta garatzen eman dugu urtea».
Datorren urtean, berriz, diagnostiko faseagaz hasiko direla jakitera eman du Bizitzen Fundazioaren koordinatzaileak, eta hortik aurrera, beste faseak garatzen joango dira, ekintza plana garatu eta martxan jarri eta ekintza horiek inplementatzen. «Azken fasea berriro ebaluaketa bat egitea izango litzateke, eta hortik abiatuta berriz prozesuagaz hasiko ginateke».
Lantaldeko kideek ilusioa eta beharra egiteko gogoa daukate. «Denontzako izango da mesede, denok irabazteko izango da». Antena bat modukoa izan nahi dute, «dauden kezka eta arazo guztiak jaso eta bitartekari lana egin, konpontzen joateko». Herri guztiaren parte hartzea beharrezkotzat jo dute horretarako.