Hurrengo denboraldirako prestatzen daude TKEko taldeak
Ondarroa Arraun Elkartea eta Bermeo Urdaibai hasiak daude 2018ko denboraldia prestatzen. Bi taldeetan hainbat mugimendu egon dira azken egun hauetan. Aurpegi berriak iritsi dira taldeetara eta beste batzuek taldeak utzi dituzte.Iban Martinez eta Mikel ...
Iban Martinez eta Mikel Azkarate ondarrutarrek Orio Arraun Elkartean egingo dute arraun datorren denboraldian. Azkaratek Bermeo utzi eta arinago ere aritu zen talde gipuzkoarrera itzuli da. Martinezek ere zazpi urtez Antiguako Ama traineruan arraun egin ostean, Orioren eskaintza onartu du. Aurten Kontxako txapeldun izan den Jon Salsamendiren taldera batuko dira bi ondarrutarrak.
Pozik proiektu berrietan
Bi arraunlariek jauzi handia eman dute kirol ibilbideetan azken urteetan. Mikel Azkaratek bi liga eta Kontxako bandera bat lortu ditu bermeotarren ontzian, besteak beste, eta Iban Martinezek, berriz, iaz KAE-1 ligatik TKE ligarako igoera eta aurten 8. postu eder bat lortu du herriko ontziagaz. 17 bandera lortu ditu Antiguako Aman egindako urtetan. Bi arraunlariak pozik agertu dira proiektu berrian murgiltzeagaz. Martinezek adierazi duenez «gogotsu» dago Orio moduko talde handi batean arraun egiteko: «Orio arraun munduko talde indartsuenetakoa da».
Bestalde, Ondarroa AEk Erlantz Egia 25 urteko gernikarra fitxatu du Urdaibaitik. Baina bermeotarrek ere egin dituzte zenbait fitxaketa: Erik Aranburu eta Carlos Palazuelo. Aranburu zarauztarra da, eta azken bi denboraldiak KAE-1 ligako Getarian eman ditu. Palazuelos, berriz, Muriedasen (Kantabria, Espainia) jaioa da, eta azkenengo hiru denboraldietan Kaikun aritu da.