Zaleak txundituz irabazi
Lointek Gernika Bizkaia 89-82 nagusitu da Star Center Uni Ferrolen kontra. Bi taldeek erasoan bizi jokatuta, partidu ikusgarria burutu dute, Malosteko zaleen gozamenerakoPartidu ikusgarriaz gozatu zuten zapatu arratsaldean Malosten bildutako zaleek. Af...
Lointek Gernika Bizkaia 89-82 nagusitu da Star Center Uni Ferrolen kontra. Bi taldeek erasoan bizi jokatuta, partidu ikusgarria burutu dute, Malosteko zaleen gozamenerako
Partidu ikusgarriaz gozatu zuten zapatu arratsaldean Malosten bildutako zaleek. Afizioa sortzeko moduko lehia burutu zuten Lointek Gernika Bizkaiak eta Star Center Uni Ferrolek. Biak ala biak erasoan bizi aritu ziren; emozioz beteriko partidua izan zen. 89-82 nagusitu zen etxeko taldea.Partidu hasieran talde galiziarra nabarmendu zen kantxan. Etxeko taldeak ez zuen partidu hasiera ona eduki. Atzealdean hutsune gehiegi utzi zizkieten aurkariei, eta horiek ez zuten saskiratzeko aukera galdu. Gainera, erasoan ere ezin asmatu zebiltzan Lointekeko jokalariak. Partidua hasi eta lau bat minutura, 4-13 partzialagaz hutsartea eskatu zuen Mario Lopez Lointek taldearen entrenatzaileak.
Erreakzionatu beharra zegoen, eta horixe egin zuten. 15-25ko markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena, eta itxura hobea emanez ekin zioten bigarren laurdenari. Naiara Diez kapitaina buru, erasoko zein defentsako jokaldietan hobeto aritu ziren.
Hain zuzen, batez ere kapitainaren eta Maria Pinaren saskiratzeei esker, markagailuko aldea nabarmen murriztea lortu zuten (30-34).
Markagailua irauli
43-48ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira, eta bueltan, aurreko minutuetako intentsitate beragaz jarraitu zuten. Esaterako, Pinaren eta Araujoren arteko norgehiagoka izugarria izan zen, eta etxeko taldetik Anna Gomez eta Marina Bas ere nabarmendu ziren kantxan.
Hala, 57-61ko markagailutik 62-61kora igarotzean Malosteko harmailak dar-dar jarri zituzten. 13 minutu falta ziren lehia amaitzeko, eta beste behin zaleak gozatzen zeuden.
Saskiratzeei eta defentsako talde lan sendoari esker, hiru puntuko abantailagaz (68-65) heldu ziren azken txanpara. Azken laurdena ere emozioz beterikoa izan zen. Defentsan, erreboteetan… denetan asmatzen zebiltzan Lointekeko neskak, baina aurkariak ere ez dira atzean geratzen direnetakoak, eta lehia bizia ikusi zen kantxan, zaleen gozamenerako.
75-65ko markagailuagaz, garaipena etxean geratuko zela antzeman zitekeen. Baina talde galiziarraren aurrean ezin da erlaxatu. Hala, azken momentura arte gogor borrokatu ziren bi taldeak.
Astebeteko atsedenaldia
Dia Ligan atsedenaldia dute asteon. Lointek Gernika Bizkaiak Lacturale Araskiren kontrako derbia lehiatuko du 8. jardunaldian. Azaroaren 18an jokatuko dute Mendizorrotza kiroldegian (19:00).
Hala, Lointekeko jokalariek aurreko denboraldira arte etxeko jokalaria izan den Izaskun Garcia Urlezaga muxikarra izango dute aurkari.
Emakumezkoen Ligaren sailkapenari dagokionez, gaur gaurkoz, Gernika-Lumoko taldea sailkapeneko seigarrena da, 11 puntugaz. Al-Qazeres Extremadurak eta Snatt’s Femeni Sant Adria taldeek ere puntu kopuru bera daukate.
Araski, berriz, hamargarren dago 10 puntugaz. Bestalde, sailkapenaren goikaldean dauden lehen bi taldeek 13na puntu dituzte. Perfumerias Avenida da sailkapenburu, eta atzetik IDK Gipuzkoa dago.