Gaztelugatxeko San Juan Europako bigarren zinema kokalekurik onena da
Europako 11 toki aukeratu zituen European Film Commision network sareak sariketarako. Hautaketa horrek Bermeon «aukerak sortuko dituela» uste du Bermeoko alkateakEuropean Film Commission Network (EFCN) sarearentzat Bermeoko Gaztelugatxeko San Juan da...
Europako 11 toki aukeratu zituen European Film Commision network sareak sariketarako. Hautaketa horrek Bermeon «aukerak sortuko dituela» uste du Bermeoko alkateak
European Film Commission Network (EFCN) sarearentzat Bermeoko Gaztelugatxeko San Juan da hamarkadako Europako bigarren zinema kokalekurik onena.Europa osoko ikus-entzunezko sektorearen eta zinemako profesionalak biltzen dituen Cineuropa izeneko plataformaren webgunean egindako bozketatik atera dira irabazleak. Hala, Europako ikusleek eduki dute azken hitza. Irabazlea Gorlitz (Alemania) herria izan da, Wes Anderson zinemagileak 2014an egindako The Grand Budapest Hotel filmagatik.
Europako 11 toki aukeratu zituzten sariketarako, eta horien artean zegoen Gaztelugatxe, 2016. urteko udazkenean Game of Thrones telesaila filmatzeko lanak egin ondoren.
Sariketaren emaitzak herenegun eman zituzten jakitera Bruselan, Europako Parlamentuaren egoitzan, European Film Commission Network sarearen hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldian, hain zuzen ere.
EFCN sarean, guztira, Europako 30 herrialdetako 90 filmen komisio daude, eta horien lehentasunezko helburuetako bat kontinenteko kokapenak nazioarteko ikus-entzunezko ekoizpenetarako sustatzea da.
Albiste «oso ona»
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen arabera, albiste «oso ona» da herriarentzat: «Alde batetik, berriro ere gure altxorra den Gaztelugatxeren edertasuna balioan jartzen du, eta, bestetik, Bermeo nazioartean pelikulak grabatzeko erreferentziazko toki bezala kokatzen du».
Hautaketa horrek Bermeon «aukerak sortuko dituela» uste du alkateak, eta horiek aprobetxatzeko «gogor» lan egin behar dutela dio, horretan ari direla nabarmenduta.
«Ezinbestekoa da Gaztelugatxek daukan potentzial turistikoa aprobetxatzea, baina ezinbestekoa da baita ere ingurumenaren aldetik duen balioa eta Gaztelugatxeren identitatea babestea, bermeotarroi eta gure kultura eta ohiturei lotutakoa», esan du.
Europako bizilagunek hautatu dute, eta alkatearen arabera, «herritarrak Gaztelugatxegaz harro daudela agerian uzten du horrek». Bermeorentzat, hortaz, aitorpena «garrantzitsua» da. Nazioarteko ikus-entzunezko sektorean Bermeoren izena zabaltzeko aukera emango duela uste du Bidegurenek.