Jabetzetatik kanpo 20 hilabete daramatzatela gogora ekarri dute
Momentu honetan eraikin kaltetuenaren atzeko parteko aurrealdea guztiz konponduta dagoela esan dute Saiñazio Mendi Azpixan gestorako ordezkariekOndarroako San Ignazio kaleko kaltetu eta herritarrak zapatu goizean elkartu ziren euren etxebizitza, lur e...
Momentu honetan eraikin kaltetuenaren atzeko parteko aurrealdea guztiz konponduta dagoela esan dute Saiñazio Mendi Azpixan gestorako ordezkariek
Ondarroako San Ignazio kaleko kaltetu eta herritarrak zapatu goizean elkartu ziren euren etxebizitza, lur eta lokaletatik kanpo 20 hilabate daramatzatela salatzeko.Zazpi familia daude oraindik etxetik kanpora, bai eta lokal bat ere. Abuztutik egoera ez da aldatu, eta, beraz, hilero legez, kalera atera ziren San Ignazioko kaltetuak, zapi gorriak lepoan.
Kamiñaldeko mendi magalak jotako etxeak bederatzi izan baziren ere, kalte txikiagoak izan zituzten batzuek, eta konponketak eginda, etxean daude. Beste zazpiak urtarrilean dute epea jarrita.
Momentu honetan eraikin kaltetuenaren atzeko parteko aurrealdea guztiz konponduta dagoela esan dute Saiñazio Mendi Azpixan gestorako ordezkariek. «Terrazak eta kanpoalde guztia konponduta dago, baina barrukoa falta da, etxebizitza barruak konpontzea». Hala ere, bide onetik doazela uste dute. Jabe-elkarteak agindu zituen obrak, eta beharrak ondo doazela azaldu dute. «Beranduen jota, urtarrilerako denak etxean egotea zen helburua, eta bide onetik goaz».
Etxebizitzak bai, baina atzeko horma nola konpondu oraindik erabakitzeke dagoela azpimarratu dute gestorako kideek. Horma konpontzeko beste zazpi hilabeteko lana beharko dutela diote, baina ez dakite noiz hasiko diren. «Oraindik esleipen eta kontrataziorik ez dago, atzeko hormari berriz ekiteko dirurik ez da heldu-eta udalera».
San Ignaziori ez ezik, egoera horrek Kamiñalde eta Kaleandi guztiari eragiten diola gogora ekarri dute Saiñazio Mendi Azpixan gestorako kideek. «Autoekin etxera ezin helduta dabiltza, eta anbulantziek ere arazoak dituzte. Bi urte baino gehiago egingo dituzte etxeetara ezin ailegatuta». Kreditua onartuta omen dauka udalak, baina gestorakoek esan dutenez, diruak ez daude oraindik udaleko kutxan. «Eta dirua dagoenetik hasi behar da prozesu administratibo guztia».
Kaltetuak, bien bitartean, etxe barruko edukien kontuak zehazten dabiltza. Diotenez, «etxe barruko hormak, lurzorua… konpontzea onartuta dago, eta diruz lagunduta, baina apurtutako oheak eta abarrak, hau da, edukiaren kontua, guztiz lotu barik, eta horretan gabiltza».
Gestora astero batzen da udagaz. «Ekinean jarraitzen dugu etxe guztiak konpondu eta denok barrura sartu ahal izan arte», azaldu dute.
Elkarretaratzeak egiten jarraituko dute, beraz, urtarrilera bitartean, eta herritarrei bertaratzen jarraitzeko eskatu diete.