Erezuma Busturialdeko Bertsolari Txapelketaren finalerako sailkatu da
Puntu bakarreko aldea egon da lehenengo bien artean. Barikuan Muxikan jokatuko dute azken kanporaketa, eta orduan jakingo da zeintzuk diren finala jokatuko duten sei bertsolariakBariku gauean Errigoitiko Ikuilu txokoan jokatu zuten Busturialdeko Bertso...
Puntu bakarreko aldea egon da lehenengo bien artean. Barikuan Muxikan jokatuko dute azken kanporaketa, eta orduan jakingo da zeintzuk diren finala jokatuko duten sei bertsolariak
Bariku gauean Errigoitiko Ikuilu txokoan jokatu zuten Busturialdeko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa, eta Julen Erezumak eskuratu zituen puntu gehien. Ondorioz, Gernika-Lumoko Astran lehiatuko duten finalerako txartela lortu du gernikarrak.Lehen kanporaketan ez bezala, lehia estua egon zen hasierako postuetan. Izan ere, puntu bakarreko aldea egon zen sailkapeneko lehenengo bien artean; 165,5 puntu batu zituen Erezumak, eta 164,5 puntu Julen Ibarguengoitiak.
Hirugarren sailkatua ere ez zen urrun ibili; 158 puntugaz, Koldo Gezuraga geratu zen hirugarren, eta 148,5 puntu lortu zituen Unai Agirre laugarrenak. Lurdes Ondaro eta Nagore Beitia sailkatu ziren bosgarren eta seigarren, hurrenez hurren.
Antolatzaileen berbetan, Errigoitiko jendartearen berotasunean saio ederra izan zen, eta bertaratu ziren bertsozaleei eskerrak eman dizkiete, bai eta bertsolariei ere.
Honez gero, hiru kanporaketetatik bi lehiatu dituzte, eta hurrengoa Muxikan izango da barikuan. Ariatza auzoan Ander Elortegi, Ibai Amillategi, Asier Galarza, Iker Uriarte, Aitor Etxebarriazarraga eta Jon Arano bertsolariek jokatuko dute azken kanporaketa.
Afarirako izen ematea
Aurreko saioetan egin moduan, 21:00etatik aurrera afaritan bilduko dira, eta ostean izango da bertso saioa. Izena 610 33 78 32 telefono zenbakira deituta edota Atxelipe txokoan eman beharko dute interesatuek.
Orduan jakingo da zeintzuk diren finalean kantatuko duten sei bertsolariak. Kanporaketa bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatzen da finalera, eta gainontzeko hirurak puntuazioaren arabera. Momentuz, Erezumak eta Onintza Enbeita muxikarrak lortu dute finalerako txartela.
Busturialdeko Bertsolari Txapelketaren finala martxoaren 17an jokatuko dute, Gernika-Lumoko Astran.