Aniztasunez betetako jaia
Munduko Arrozak jaia ospatu zuten zapatuan, Gernika-Lumoko herritarrek. Giro bikaina nagusitu zen Pasealekuan, eta mota guztietako hamar arroz plater aurkeztu zituzten parte hartzaileek.Kulturartekotasuna bultzatzeko eta Gernika-Lumoko aniztasunaz jabe...
Munduko Arrozak jaia ospatu zuten zapatuan, Gernika-Lumoko herritarrek. Giro bikaina nagusitu zen Pasealekuan, eta mota guztietako hamar arroz plater aurkeztu zituzten parte hartzaileek.
Kulturartekotasuna bultzatzeko eta Gernika-Lumoko aniztasunaz jabetzeko balio duen jaia ospatu zuten, bederatzigarrenez, zapatuan, Gernika-Lumon.Hainbat herritan legez, Munduko Arrozak jaialdia egin zuten Pasealekuan, eta bertan bildu ziren zapatu goizean jatorri desberdinetako hainbat herritar.
Paella Txapelketak jatorri desberdineko jendea batu eta hartu emanetan jartzea du helburu, eta zapatukoan ere, bete zuen nahia. «Topaketa gastronomiko-kultural honen bidez parte hartzen dugun pertsonen artean gure herri eta auzoetan dagoen aniztasunaz jabetu gura dugu, herrialde bakoitzeko aberastasun eta bizipen kulturalak trukatzeko».
Txapelketa
Hango eta hemengo erako arrozak prestatzen hasi ziren goizean goizetik eguraldia lagun zutela, eta giro ederrean murgildu ziren parte hartzaileak Gernika- Lumoko Pasealekuan.
Guztira, hamar plater aurkeztu zituzten txapelketara: iaz baino bost gehiago. Jatorri desberdinetako gernikarrek osaturiko epaimahaiak erabaki zuen zein den munduko arrozik onena: Sahara taldeak egindakoa izan zen irabazlea. 161 puntu eskuratu zituen. Bigarren onena, aldiz, Etorkintza taldearena izan zela ebatzi zuen epaimahaiak. Azken horrek irabazleak baino hiru puntu gutxiago lortu zituen: 158, hain zuzen ere.
Arrozak lehiaketara aurkeztu ostean egin zuten sari banaketa, eta herri bazkarian elkartu ziren bertaratutakoak. 150 lagun baino gehiagok bazkaldu zuten, giro ezin hobean.
Herri bazkarian bildu aurretik, baina, euskal zein errumaniar dantzez gozatu zuten, eta arratsaldean ere, musikak eta dantzek girotu zuten Pasealekua.
Save the Childrenek antolatutako Giza Liburutegia egin zuten Pasealekuan. Horretan, emigranteen testigantzak entzuteko aukera eduki zuten herritarrek.