Udan izaten den eskasia dela eta, odola emateko deia egin dute
Odol emaileek odola emateko aukera edukiko dute uztailean. Gogoratu! Eman odola oporretan joan baino lehen da Euskadiko Odol Emaileek udako kanpaina bultzatzeko aukeratu duten leloa. Eta Bizkaian bultzada eman nahi diote ere Lea-Artibain eta Busturiald...
Hala, Busturialdean, lehenengo Gernika-Lumora eta gero Bermeora helduko da odola emateko autobusa. Ostean, Lea-Artibai eskualdetik egingo du ibilaldia; Ondarroara joango da lehenengo, gero Markina-Xemeindik igaroko da, eta Lekeition bukatuko du uztailaren 27an eta 28an.
Joan den astelehenean izan zen Gernika-Lumon odol emaileentzako lehenengo hitzordua, eta hurrengo astelehenean, uztailaren 9an ere, odola emateko aukera izango dute udalerriko herritarrek. Hilaren 13an eta 14an, Bermeon egongo da autobusa, eta astebete beranduago Ondarroan. Uztailaren 25ean, markina-xemeindarrek eman ahal izango dute odola, eta 27an eta 28an, berriz, lekeitiarrek.
Odolkideak elkarteko kideek deialdi berezia egin diete eskualdeotako herritarrei, odola ematera joan daitezen.
Izan ere, azaldu dutenez, uda garaian, odol emateen kopurua %40 gutxitzen da, eta beharrizanak urte osoan daudela gogoratu dute. «Udan ebakuntzak murrizten diren arren, aparteko beharrizanak asetzeko beharrezkoa da gutxienezko odol kopurua edukitzea; ospitaletako odol beharrizanak asetzeko gai izatea, hain zuzen ere».
Arrazoiak
Herritarrak opor garaian kanpora joatea da odol ematea gutxitzearen arrazoi nagusiena, eta udan dagoen odol «makaltasunaz» herritarrak jabetu daitezen nahi dute Odolkideak elkarteko kideek, «beharrizana beti egon daitekeelako».
Hartara, odola batzeko eta inguruko ospitaletan odol biltegi bat izateko herritarren borondatea beharrezkoa dela gogorarazi dute.