Eako Txipiroi probaren BTT martxan hiru ibilbide egongo dira aukeran
15, 30 eta 43 kilometroko ibilbideak egin ahalko dituzte. Mendi bizikleta probaren 180 partaidetako muga aurrez izena emandakoekin bete da. Traila Urdaibai Koparen 4. proba daTrail mendi lasterketa eta BTT proba egingo dituzte Txipiroi Extreme Ieko Tau...
15, 30 eta 43 kilometroko ibilbideak egin ahalko dituzte. Mendi bizikleta probaren 180 partaidetako muga aurrez izena emandakoekin bete da. Traila Urdaibai Koparen 4. proba da
Trail mendi lasterketa eta BTT proba egingo dituzte Txipiroi Extreme Ieko Taupadak probaren barruan, bihar. Korrikalariek 09:30ean dute irteera ordua, frontoian, eta bost minutu beranduago leku beretik abiatuko dira txirrindulariak.BTTa ez da lehiakorra, traila, ostera, Urdaibai Koparen laugarren proba da. Korrikalariek 21 kilometroko (975m-ko desnibel positiboagaz) ibilbidea egingo dute.
Bizikleta zaleek, ostera, hiru aukera dituzte; 15km-ko ibilbide laburra (650m-ko desnibel positiboagaz), 30km-ko luzea (1.300m-ko desnibel positiboagaz) eta 43km-ko extreme ibilbidea (1.800m-ko desnibel positiboagaz).
Hain zuzen, Txipiroi Extreme BTT martxaren gehienezko parte hartzaile kopurua beteta dago dagoeneko. 180 txirrindularik parte hartuko dute.
Bestalde, bart gauean zarratu zuten Txipiroi Kosta Trail egiteko Internet bidezko izen ematea. Egunkari hau ixteko orduan, 73 korrikalari zeuden izena emanda Urdaibai Koparen webgunean. Mendi lasterketan 100 pertsonatan ezarri dute gehienezko kopurua. Beraz, aurretiaz izena eman dutenekin kopuru hori bete ezean, bihar 08:00etatik aurrera izena eman ahalko da.
Egunean bertan izena ematen duten federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoek, 18 euro.
Antolatzaileek esan dutenez, trail zein BTT zaleen artean euren lekua egitea lortu dute: «Euren egutegietan markatuta dute. Urteetako lanaren emaitza da; jendeak badaki uztaileko lehenengo asteburuan Ean Txipiroi dagoela». Gogora ekarri dute auzolanean egindako ekintza dela, eta herriko jendearengandik ez balitz, Txipiroi antolatzea ez litzatekeela posible izango azpimarratu dute.
Urdaibai Kopa
Zazpi probak osatzen dute Urdaibai Kopa. Dagoeneko Ibarrurin, Ereñon eta Gernika-Lumon lehiatu dituzte mendi lasterketak, eta gaur gaurkoz, Iker Santamaria eta Leire Sanchez daude sailkapen buruan.
Biek ala biek orain arteko hiru probetan parte hartu dute. Santamariak 118 puntu ditu, eta Sanchezek 132 puntu.
Mutilen behin-behineko sailkapenean, Borja Santiago dago bigarren postuan, 106 puntugaz, eta Josu Orbañanos hirugarrenean, 105 puntugaz. Biek orain arteko hiru mendi lasterketak lehiatu dituzte.
Nesken sailkapenari dagokionez, bi proba lehiatuta, 95 puntu bildu ditu Onditz Iturbe sailkapeneko bigarrenak. Hala, hirugarrenaren eta laugarrenaren artean puntu bakarreko aldea dago; Itxaso Ballaz hirugarrenak 92 puntu ditu, eta Leire Monasterio laugarrenak 91 puntu (biek bi proba egin dituzte).
Eakoaren ostean, irailaren 9an Gautegiz Arteagan izango da hurrengo mendi lasterketa, eta irailaren 30ean Foruan izango dute hitzordua. Urriaren 7an Gorozikan argituko da zeintzuk diren aurtengo Urdaibai Koparen irabazleak.