Urdaibairen birsorketa
Ignacio Ipiña margolariaren lanetan ez da gizon-emakumerik azaltzen. Hala ere, pertsonek egindako lanen eskua ikus daiteke koadroetan, haien aztarnak, ikuspegia ezagunagoa bihurtuz.Ignacio Ipiñaren obrek Urdaibaiko zoko miresgarrienetan murgiltzen ga...
Ignacio Ipiña margolariaren lanetan ez da gizon-emakumerik azaltzen. Hala ere, pertsonek egindako lanen eskua ikus daiteke koadroetan, haien aztarnak, ikuspegia ezagunagoa bihurtuz.
Ignacio Ipiñaren obrek Urdaibaiko zoko miresgarrienetan murgiltzen gaituzte, gaur egun ezagunak egiten zaizkigun, baina denboraren eta memoriaren zurrunbilo barruan dauden paisaia eta guneak erakutsita.Ipiña (Bilbo, 1932-2010) hainbat alorretan trebea izan zen arren, margolari gisa egin zen ezaguna. Bere margolanen eboluzioa pintorearen bizipenei eta oroitzapenei lotuta dago. Guzti hori berak sortutako margolanen estetikan nabari daiteke: bere bizitzan sentitu eta barneratutako egoera edota tokiak dokumentatzeko beharrak eraman zuen margolan asko sortzera, horietan bere buruan zegoena islatuz.
Margolari bilbotarraren Denboraren marea izeneko lan bilduma ikusgai dago Busturiko Ekoetxea Urdaibai zentroan. Bertan aurkitu daitekeen oleo sorta hamarkadaka banatuta dago; pintoreak 60ko hamarkadatik hasita, 2000. urteko hamarkadara arte izan zuen garapena eta ibilbide artistikoa agerian uzten du.
Ipiñak bere estiloa honela deskribatu zuen: «Ez da zehazteko erraza. Izan dudan irakasle bakarra natura izan da, beragaz elkartasun bat edukitzea bilatzerakoan».
Paisaiak islatzen zituen bere lanetan, eta hori da erakusketan bildu dituzten koadroetan ikusgai dagoena: Urdaibaiko padurak, Ogoñoko lurmuturra edota Busturialdeko kostaldean dauden herriak aurkitu ahal izango dituzte bisitariek hormetan zintzilik. Hala eta guztiz ere, paisaia deskribatu beharrean, bere margolanekin «berregin» egiten zuela azaltzen zuen Ipiñak, une horretan bere paisaia propioa «sortuz».
Naturagaz lotura
Naturagaz sentitzen zuen lotura ez eze, etengabe arriskuan ikusten zuen balio ekologiko handiko ingurunearen babesa ere izan zen Ipiña koadroak margoztera eraman zuen arrazoia. Defentsa horren baitan, Urdaibaiko biosfera izan zen bost hamarkadetan margolariaren arreta behin eta berriro bereganatu zuen kokaleku berezia.
Denboraren marea erakusketa irailaren 22ra arte egongo da ikusgai.