Etxean geratu dira hiru puntuak
Aurrerak 2-1 irabazi dio Lekeitiori, Zaldupen. Futbol zelaia lepo bete da, estreinako jokatu den derbia ikusteko. Zuzendaritzek giro ona nabarmendu duteLehenengo bider, Ondarroako Aurrerako eta Lekeitioko futbol taldeetako talde nagusiek elkarren kontr...
Aurrerak 2-1 irabazi dio Lekeitiori, Zaldupen. Futbol zelaia lepo bete da, estreinako jokatu den derbia ikusteko. Zuzendaritzek giro ona nabarmendu dute
Lehenengo bider, Ondarroako Aurrerako eta Lekeitioko futbol taldeetako talde nagusiek elkarren kontrako partida jokatu zuten zapatuan. Ondarrutarrak nagusitu ziren, 2-1. Bueltako partida urtarrilean jokatuko dute, urtarrilaren 26an edo 27an.Ikusminak ez zuen hutsik egin, eta eguerditik nabaritzen zen partidarako gogoa Ondarroako Alde Zaharrean. Zaldupe leporaino bete zen aurrez aurrekoa ikusteko. Lehen zatian etxekoak nagusi izan ziren. Hasie- ratik baloiaren jabe egin ziren, eta 20. minuturako Aurrerak lehenengo gola sartu zuen. Eñaut Gorosabel izan zen golaren egilea, Juan Fernandezek egindako jokaldi baten ostean. Lehenengo zatiaren amaieran, Lekeitiok metro batzuk aurrera egin eta Oier San Miguel atezainaren inguruan amaitzea lortu zuen.
Zati bana bakoitzarentzat
Bigarrenean, Asier Puente lekeitiarren entrenatzaileak taldea aurrerago bota zuen, eta Lekeitio partidaren jabe egiten hasi zen. Gero eta sarriago hasi zen hurreratzen ondarrutarren atera. Hala eta ere, Gorosabelek Aurrerarentzako bigarren gola sartu zuen.
Ondarrutarren pozak ez zuen asko iraun, atezainari adierazitako penalti baten ondorioz gola sartu baitzuen Xanti Zumaranek lekeitiarrentzat, 64. minutuan.
Momentu hartatik aurrera, Lekeitiok hartu zuen zelai erdia, eta baloiaren jabetzari esker, Aurrera ito zuen bere area inguruan. Ondarrutarrak kontraerasora ateratzeko asmoagaz geratu ziren arren, markagailua ez zen mugitu tentsioz betetako azken minutuetan, eta, azkenean, 2-1 irabazi zuten ondarrutarrek.
Aurrera zuzendaritza batzordeko kideek bi zalegoen arteko giro ona nabarmendu nahi izan zuten, eta nahiz eta tentsio uneak ere egon ziren, eskertu egin zuten zelaian gertatutakoa zelaian uztea eta kiroltasuna gailentzea. Eskerrak eman nahi izan zizkieten Ondarroatik eta Lekeitiotik etorritako zaleei eta baita inguruko herrietatik etorritakoei ere.
Ainhoa Elordi Lekeitio Futbol Taldeko lehendakariak partidan estreinatu zuen kargua. Bat dator ondarrutarren zuzendaritzagaz zalegoen arteko giro ona nabarmentzean, eta Lekeitiok herritik joandako ehunka lagunen- gandik jasotako bultzada ere goraipatu du. Urtarrileko bueltako partidan ere giro ona egotea desiratzen duela esan du.
Partidaren aurretik, bi taldeetako jokalariek eta entrenatzaileek eta presidenteek talde argazkia atera zuten, historiako lehenengo derbia zela eta. Aurrerako jokalariek Euskaraldian izena ematera animatzeko kanpainagaz bat egin zuten, Zaldupe betetzen zutenen txalo artean.