Mundaka Festivalaren aurkako sinadura bilketa hasi dute
Santa Katalinako ingurunea babesteko helburuagaz, egitasmo pribatuak bertan behera geratzea eskatzeko hasi dute bilketa. 200 inguru lortu dituzteDanona Donea herri plataformak Mundakako Santa Katalinan ospatzen den Mundaka Festival jaialdiaren aurka eg...
Santa Katalinako ingurunea babesteko helburuagaz, egitasmo pribatuak bertan behera geratzea eskatzeko hasi dute bilketa. 200 inguru lortu dituzte
Danona Donea herri plataformak Mundakako Santa Katalinan ospatzen den Mundaka Festival jaialdiaren aurka egiteko sinadura bilketa jarri du martxan, jaialdiaren arduradunek erakutsitako «gardentasun ezari» erantzuteko asmoagaz. Urte honetako uztailean jaiotako plataforman herriko bizilagunek eta eskualdeko hainbat elkarte eta taldek parte hartzen dute: Urdaibaietz eta Zain Dezagun Urdaibaik, esate baterako.Baseliza inguruan ospatzen den jaialdiaren etorkizunari buruz eztabaidatzeko batzartu ziren kideak, urrian. Haien berbetan, oraindik datorren urteko jaialdia ospatu arte asko geratzen bada ere, «Mundaka Festival eredu oker baten gailurtxo ikusgarria» dela uste dute, eta horri aurre egiten jarraitzeko asmoa erakutsi dute. «Datorren urtetik aurrera Mundaka Festival edo Santa Katalinako ingurunea antzeko erara tratatzen duen edozein motatako egitasmoak bertan behera geratzea eskatzen dugu, gure herriko toki hori babesteko». Horretarako abiatu dute, hain zuzen ere, jaialdia bertan behera uztea lortzeko sinadura bilketa. Jada herriko hainbat gunetan sinadura orriak banatu badituzte ere, «oso eskala txikian» ibili direla aitortu dute, eta etorkizunean jende gehiagorengana iritsi nahi dutela diote.
Plataformaren arduradunek azaldu dutenez, dagoeneko 200 sinadura inguru bildu dituzte.
Udal eraikinetatik kanpo
Herriko gune publikoez gain, Mundakako Udalari eskaera orriak herriko zenbait udal eraikinetan jarri ahal izateko «eskaera formala» egin dutela azaldu dute herri plataformakoek: udaletxean bertan, ludotekan, gaztelekuan, turismo bulegoan eta liburutegian jarri nahi izan dituzte orriak.
Hala ere, udalak eskaerari «uko» egin diola salatu nahi izan dute, eta Danona Doneako kideentzat erabaki hori ulertezina da. «Herritar talde batek egindako eskaera zentzuduna dela uste dugu, demokrazia eskatzeko bide bat. Adibidez, Mundakako liburutegian sinatzeko orriak jartzeko aukera ukatzea ez da batere demokratikoa».
Sinadura orriekin batera, datorren azaroaren 25ean ospatuko den Santa Katalina egunaz baliatuko dira. Jaialdia ospatzen den guneagaz lotura zuzena duen egun berezi hori aprobetxatuta, baselizan ekitaldi bat prestatuko dutela adierazi dute plataformakoek sinadura bilketa hedatzeko, bai herriko jendearen artean eta bai kanpotik datozen bisitarien artean ere.
Ereduaren aurka
Horren harira, herri plataformak egiten duen eskaria Mundakatik kanpora hedatzeko gogoa ere azpimarratu dute. «Mundakatik hasi gara, baina ez gara bertara mugatzen. Mundaka Festivalegaz gertatutakoa ez da herrian soilik ikusten ari garen gauza bat, toki askotan antzeko ereduak ikusten ari gara. Horrek asko kezkatzen gaitu».
Modu horretara, bai Busturialdeko eta bai Bizkaiko hainbat herritan, sinadura orriak banatzeagaz batera hitzaldi eta ekitaldiak antolatuko dituztela eman du jakitera herri plataformak. «Bermeon, Gernikan edota Bilbon jaialdiak ekarri duen ereduari buruzko hitzaldiak eta aurkezpenak egiteko prestatzen ari gara, hitza zabaltzeko».
«Mundakan zer egiten ari garen jakitea nahi dugu, eta horregaz batera, gure pentsaera eta sentimenduekin bat egiten duten zonaldeko pertsonen iritzia jakin nahi dugu». Ekitaldi horiekin sinadura bilketa zabaltzea lortuko dutela uste dute, «toki publiko eta babestuetan ekitaldi pribatuak antolatzearen aurka egin ahal izateko».