Talo janagaz hasiko dituzte San Andres jaiak etxebarritarrek
Urteroko afari-merienda eta umeentzako ekitaldiak edukiko dituzte egun nagusian. Bertso, sari, txotxongilo eta kantuekin ospatuko dute zapatuan, Euskararen EgunaUrtero bezala, jai giroa dakar Etxebarrira azaroko azken egunak. Adin guztietako herritarra...
Urteroko afari-merienda eta umeentzako ekitaldiak edukiko dituzte egun nagusian. Bertso, sari, txotxongilo eta kantuekin ospatuko dute zapatuan, Euskararen Eguna
Urtero bezala, jai giroa dakar Etxebarrira azaroko azken egunak. Adin guztietako herritarrak elkartzeko aukera paregabea eskaintzen dute San Andres jaiek, batez ere egun nagusian ohikoa duten afari-meriendan.Herriko frontoia izango da festa giroaren bilgunea, eta beti bezala, ehunka lagun elkartuko dira taloak eta horiek laguntzeko txorizo, odoloste eta urdaiazpikoa dastatzeko. Postre modura gazta eta irasagarra edukiko dituzte, eta, aurten, estreinako, intxaurrak. «Gaztainak intxaurragatik aldatzea erabaki dugu. Horrenbeste lagunentzako gaztainak puntuan egotea zaila izaten da, eta intxaurrekin probatuko dugu», azaldu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak. Herriko nagusientzako afaria 20:00etan hasiko da.
Umeentzat ere egun berezia izango da sanandresetakoa. Aurten ere, beraientzat antolatutako ekimenekin gozatu ahalko dute herriko gaztetxoek. 12:15ean, Tor Magoaren ikuskizuna edukiko dute kultur aretoan, eta, 16:30ean, egurrezko jolasak frontoian. 18:30ak aldera, San Andres jaietako kartelen lehiaketako sariak banatuko dituzte, eta lanen erakusketa ere jarriko dute frontoian.
Guztira, 50 herritarrek parte hartu dute aurtengo kartel lehiaketan. Beti bezala, hiru mailatan banatuta egon da sariketa: 0-5 urte bitarteko hamazazpi parte hartzaile egon dira, eta Alain Ibarzabalen lana saritu du epaimahaiak; 6-9 urte bitartekoen kategorian 21 proposamen aurkeztu dira, eta Ekain Ugalderenak jasoko du saria; 10-16 urte bitartekoen artean egon da parte hartzerik txikiena, maila horretako irabazlea Haizea Agirre izan da; Eta azkenik, nagusien mailan aurkeztu diren zortzi kartelen artean Arantzazu Ugalderena izan da nagusi.
Briskak ere beteko ditu frontoiko kantxan jartzen dituzten mahaiak. Herritarrentzako txapelketa bi mailatan banatuko dute aurten ere: 16 urtetik beherako gazteak eta 16 urtetik gorako nagusiak. 16:00etan hasiko dute jokoa.
Mendi bizikleta
Egun nagusiagaz hasiko badira ere, Euskararen Eguna ospatuko dute zapatuan, 18:00etan. Euskarazko hitzik politena lehiaketako sariak banatuko dituzte hasteko, eta txotxongiloak egongo dira ondoren, kultur aretoan.
Domekan, berriz, Amets Txurruka Lagunartiek antolatutako ume eta gazteentzako mendi bizikleta zirkuitua egongo da aukeran 12:00etan hasita. Antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartzaileak adinaren arabera banatuko dituzte, eta mailari egokitutako zirkuitua osatu beharko dute. Ohi modura, Errekarteko landan prestatuko dute osatu beharreko zirkuitua.