Bizitza oso bat irratigintzan…
1992an sartu nintzen
Bizkaia Irratian, bekadun, eta harrezkero bertan jarraitzen dut.
Zelakoa zen garai bateko lan egiteko era?
Ni hasi nintzenean ez zegoen eskuko telefonorik, eta bateren batekin kontaktatzeko, etxera edo lantokira deitu behar zenion, ez zegoen beste aukerarik. Posta elektronikorik ere ez. Ea zenbat aldatu den kontua harrezkero…
Bestalde, lehengo muga asko gainditu dira, ezta?
Lehen askoz mugatuagoak ziren erabili ahal genituen gaiak, eta gaur egun, ostera, edozen gai landu dezakegu, jendea euskalduntzen joan den heinean, elkarrizketatu posibleak gehitu direlako.
Irratia kontsumitzeko era ere aldatu da. Ze zentzutan?
Hartzaile aldetik asko aldatu da irratigintza. Lehen, irratigailutik entzuten zen irratia, eta gaur egun, ordea, gero eta gehiago dira irratia Internet bidez entzuten dutenak edo aplikazioak erabiltzen dituztenak: zuzenean entzuteko edo podcast irrati fitxategien bidez norbere gustura aukeratzea zer, noiz eta non entzun; beste irrati batzuetako gustuko irratsaioekin batera, esate baterako.
«Irratia ez da mugatzen irrati hutsa egitera; moldatu egin gara; denok modura»
Eta zelan joan zarete garai berriotara moldatzen?
Ez da kazetariok lehen egiten genuen lan tradizionala. Beste komunikabide batzuk modura, irratia ere ez da mugatzen irratigintza hutsa egitera. Sareetan ez bagaude, ez gaude inon, eta lekua egin behar dugu. Kazetaritzan diharduenak hori dena barneratuta eduki behar du.
Zelan moldatu dira euskarazko komunikabideak garaiotara?
Komunikazioak lehen zeukana baino zentzu zabalagoa dauka, eta euskarazko komunikabideok, apurka-apurka, egokitzen ari gara egoera horretara. Euskarazko hedabideen ekosistema asko zabaldu da. Aniztasuna eta aberastasuna dago euskarazko hedabideetan. Gaur egungo egoerara ondo egokitzen gabiltza.
Euskarazko hedabideen ekosistema aipatu duzu. Zelako harremana dago zuen artean?
Beste komunikabide batzuekin harreman ona daukagu. Horren adibide da Hitzagaz sinatu berri dugun hitzarmena. Ezaugarri amankomunak dauzkagu. Tokian tokiko hedabideak gara, publiko antzekoa daukagu, eta lankidetzan aritzeko aukera daukagu. Asko pozten gaitu hitzarmen hori sinatu izanak.
Eta zuen publikoari begira jarrita, entzuleen berotasuna igartzen jarraitzen duzue?
Irratiaren kasuan bereziki garrantzitsua da hartzaileen berotasuna sentitzea. Oso harreman estua eta lotura estua daukagu entzuleagaz. Bizkaia Irratia etxeko irratia dela esango nuke, hurreko irratia dela. Izan ere, hurreko informazioa lantzen dugu, bizkaieraz, eta entzuleen berotasuna sumatzen dugu; saio ugaritan antzematen da hori. Entzuleekin harremanetan jartzeko bideak ere zabaldu egin dira.
Publiko fidela da zuena?
Fidelitate eredu modura, besteak beste, hor daukagu zorion agurren tartea, Bizkaia irratia 1990ean sortu zenetik mantentzen dugun tartea. Martxan jarri zenetik eta hona entzule fidel-fidelak dauzka. Eta, urtero, bazkari jendetsua egiten dugu fidelitate hori eskertzeko. Han batzen dira gure jarraitzaileak; asko, hasieratik gure entzule direnak.
Eta, orain, erronka berriak…
Orain arte,
Bilboko Herri Irratiak eta Bizkaia Irratiak bakoitzak bere bidetik egin du bidea, eta aurten erabaki da biak leku fisiko berean batzea, elkarri laguntzeko eta elkar indartzeko. Nahiz eta bakoitzak autonomia edukitzen jarraituko duen, elkarrentzako lan egiten eta sinergia batzuk lortzen ahaleginduko gara.
«Goizean saioa egiten dut, eta beste orduak kudeaketarako uzten ditut»
Dena dela, zuk jarraitzen duzu irratsaioa edukitzen, ez?
Horrenbeste urtean irratigintzan ibilita, pena handia ematen du hori dena uztea. Azken urteetan, Bizkaia Irratiko zuzendaria izan naiz. Orain kudeaketan aritzeko ordua den arren, ez dut irratiarekin lotura hori galdu nahi izan. Goizeko orduetan, neure saioa egiten dut, eta beste orduetan kudeaketagaz jarraitzen dut. Ahal dudan bitartean, nahiko nuke irragitintzagaz lotura horri eutsi, entzuleekin harremana mantentzeko.
Gogotsu erronka berriak hartzeko?
Badago beharra. Erronka handia da, gauza asko egin beharko ditugulako. Egokitu egin beharko dugu irrati biok leku berean egotera eta beste hainbat kontu elkarregaz egitera. Beldur apurra ematen du hasieran, baina martxan egon behar dugu. Heldu egin behar zaio, eta gogotsu nago ekiteko.