Etxebarriko Pazkoetako Idi Probak erabakiko dira gaur gauean
Lau probalari aterako dira Etxebarriko probalekura. Momentuz Gernika-Lumoko Arane jatetxeak egin du marka hoberena.
Arane Jatetxeko animaliak atzoko probetan. Argazkia: Mari Jose Etxaniz Arane jatetxea jarri da asteburuan Etxebarriko Pazkuetako Idi Proben Txapelketaren buruan. Atzo [apirilak 7] atera zen plazara Gernika-Lumoko probalariaren idi bikotea, eta 45 untza, 3 metro eta 90 zentimetro egin zituen, ordura arte aurrean zihoan Kamiñokoren 43 untza 2 metro eta 42 zentimetroko marka gaindituz. Asier Alegria eta Jon Iñaki Urrutia itzainek lagunduta, proba bikaina burutu zuen Araneren uztarriak.
Gaur [apirilak 8] gaueko ekitaldiagaz erabakiko da aurtengo mantaren jabea zein izango den. Lau probalari besterik ez dira gelditzen Etxebarriko probalekura ateratzeko, eta aurrekoen marken jabe badira ere, ez dute erraz edukiko, marka onak ezartzen ari dira eta parte hartzaileak.
21:00etan hasiko dira gaurko probak. Azkoitiako Isidro Erretegiaren, Birleko Iñaki Lopategiren, Laukizko Garagartza Elkartearen eta Muruetako Motxoren animalien txanda izango da gaurkoa.
Hona hemen orain arteko markak:
Martxoak 30, zapatua
- Laski (Birle): 42 untza eta laurden, 4 metro eta 90 zentimetro.
- Rafa Alegria (Bermeo): 42 untza.
- Olatzar (Lezo): 33 untza, 3 metro eta 15 zentimetro.
Martxoak 31, domeka
- Kamiñoko (Murueta): 43 untza, 2 metro eta 42 zentimetro.
- Biritxinaga (Bakio): 40 untza, metro bat eta 25 zentimetro.
- Zumeltzu (Zamudio): 33 untza, metro bat eta 28 zentimetro.
Apirilak 1, astelehena
- Zornotza anaiak (Zalla): 39 untza 6 metro eta 35 zentimetro.
- Andrakas Sagardotegia (Lemoiz): 34 untza 2 metro eta 12 zentimetro.
- Korta (Gabiria): 35 untza 2 metro eta 25 zentimetro.
Apirilak 5, barikua
- Txomin Renteria (Bakio): 36 untza.
- Patxi Irarreta (Renteria): 39 untza, metro bat eta 72 zentimetro.
- Taberna Goieta (Mungia): 42 untza.
Apirilak 6, zapatua
- Ipañarrieta (Urretxu): 32 untza eta 5 metro.
- Zumeltzuondo (Zamudio): 22 untza, 2 metro eta 42 zentimetro.
- Eneko Artola (Oiartzun): 38 untza.
Apirilak 7, domeka
- Mendigoitxi (Eibar): 26 untza.
- Zubibarri (Ziortza-Bolibar): 25 untza.
- Usaisti (Berriatua)
- Arene Jatetxea (Gernika-Lumo): 45 untza, 3 metro eta 90 zentimetro.