Markina-Xemeingo Master Series finala jokatuko da gaur Pilotaren Unibertsitatean
Erik-Irastorza eta Hormaetxea-Aimar aterako dira Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitateko kantxara garaipenaren bila. 18:00etan hasiko da jaialdia.
Jai Alai World Tourreko lehen Master Series txapelketa erabakiko da gaur [uztailak 16] arratsaldean. Erik-Irastorza eta Hormaetxea-Aimar aterako dira Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitateko kantxara garaipenaren bila. Domekan jokatu ziren finalaurrekoak, eta gaur ere partida handia espero dute zesta-punta zaleek.
Bi setak irabazita gailendu ziren finalaurrekoetako lehen partiduan Erik eta Irastorza. 15-14 eta 15-8 irabazi zieten Arbe eta Ekhiri. Bigarren partiduan Goikoetxea eta Aldazabal ziren faboritoak, baina Hormaetxea bermeotarrak erakustaldia eman zuen, eta Aimar ere handitzen joan zen jokoan zehar. Lehen set-a 15-4 irabazi zuten erraz Hormaetxeak eta Aimarrek. Bigarrenean, ordea, lehia estuagoa egon zen bi bikoteen artean, eta 15-13 irabazi zuten Goikoetxeak eta Aldazabalek. Berdinketa hausteko partiduan erabaki ziren, beraz, finalistak. 3-5 emaitzagaz Hormaetxeak eta Aimarrek lortu zuten finalerako pasea.
Master Serieseko finala 18:00etan hasiko da. Aurretik beste partida bat ikusteko aukera edukiko dute zesta-punta zaleek, Arbe-Mandiola eta Meabe-Salegi bikoteen artekoa. Finala ailegatuko da ondoren. Erik Mendizabal eta Eric Irastorza faboritoak badira ere, tentu ibili beharko dira, izan ere finalaurrekoetatik indartuta datoz Hormaetxea eta Aimar.
Gazteen norgehiagoka. Bestalde, Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolaren Karmen jaietako txapelketaren finalak jokatu ziren atzo [uztailak 15] arratsaldean. Hiru kategoriatan jokatu ziren gazteen arteko norgehiagokek bete-bete egin zuten frontoia. Kategori bakoitzean 25 tantoko kinielak jokatu zituzten puntistek.
Umeen kategorian Miren eta Uzuri izan ziren irabazleak, bigarren Txomin eta Peio geratu ziren eta Manex eta Igotz izan ziren hirugarrenak.
Erdiko kategorian Txanton eta Guerrero nagusitu ziren. Irabazleek 25 tanto lortu zituzten, bigarrenek baino bat gehiago. Bigarren geratu ziren sailkapenean Erkiaga eta Unax eta hirugarren postuan Janis eta Egia II.
Goiko kategorian Urkidi anaiak izan ziren irabazleak, erraztasun osoz lortu zuten garaipena. Bigarren Jokin eta Elosegi geratu ziren eta hirugarren postua Guillen eta Maddirentzat izan zen.
Giro ona izan zen nagusi frontoian, eta puntista guztientzat eduki zituen txaloak publikoak.