Bizkaiak Iparralderen aurka jokatuz hasiko du GRABNI Txapelketa
Gernika-Lumo, Etxebarria eta Markina-Xemeingo puntistek jokatuko dute lehenengo jardunaldian. Zapatuan dute partidua, Donibane Lohizuneko frontoian. Gipuzkoa eta Arabaren arteko norgehiagoka bertan behera geratu da.
Asteburu honetan hasiko da federazioen arteko GRABNI Txapelketa. Urtero modura, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Iparralde eta Errioxako ordezkaritzak lehiatuko dira bertan. Apirilaren 26ko jardunaldian jokatuko dira finalerdiak, Nafarroan eta Errioxan, eta maiatzaren 3an finalak, Araban.
Bizkaiak Iparralderen aurka jokatuz ekingo dio asteburuan, GRABNI Txapelketari. Etxetik kanpo hasiko dira, gainera. Zapatuan [martxoak 14] jokatuko dute Donibane Lohitzuneko frontoian, 10:00etan.
Bost jardunaldiko ligaxka jokatuko dute selekzioek, apirilaren 19ra bitarte. Etxean bi jardunaldi jokatuko ditu Bizkaiko taldeak: martxoaren 22koa, Arabaren aurka, eta apirilaren 19ekoa, Nafarroaren kontra. Beste hiru jardunaldietan etxetik kanpo ariko dira: lehenengo honetan, Iparraldean; hirugarrenean, martxoaren 29koan, Errioxan, eta laugarrenean, apirilaren 5ean, Gipuzkoan.
Banaka zein binaka ariko dira puntistak, maila ezberdinetan banatuta: gazte, 22 azpiko eta senior mailetan. Ondorengoak izango dira Iparralderen kontra jokatuko duten Bizkaiko puntistak: gazte mailan banaka Oier Diazek (Gernika-Lumo) jokatuko du, 22 azpikoetan banaka Undak (Gernika-Lumo) eta senior mailan banaka Antxon Alberdi (Etxebarria) ariko da. Binakako txapelketa jokatuko dute, berriz, Zelaiak (Markina-Xemein) eta Atainek (Markina-Xemein) gazte mailan, Lekek (Gernika-Lumo) eta Danelek (Markina-Xemein) 22 azpikoetan eta Arbek (Markina-Xemein) eta Jon Mandiolak (Markina-Xemein) senior mailan.
Atzeratuta. Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak jakitera eman duenez, txapelketaren lehenengo jardunaldia partzialki atzeratua geratuko da. Koronabirusa saihesteko neurriak direla eta, Arabak eta Gipuzkoak eta Errioxak eta Nafarroak jokatu behar zituzten norgehiagokak bertan behera geratu dira eta aurrerago jokatuko dituzte. Momentuz Iparraldea eta Bizkaiaren arteko norgehiagoka normaltasunez jokatuko da.