Hiru mendizalek Alpeetan egindako eski abentura kontatuko dute Ondarroan
Amets Arrizabalaga ondarrutarrak eta haren bi lagun amurriotarrek iazko Aste Santuan egindako irteera kontatuko dute barikuan (martxoak 13), 20:00etan, Kofradia Zaharrean. Saioa bideo proiekzioekin dinamizatuko dute.
Amets Arrizabalaga ondarrutarrak eta Ander Goti eta Endika Larrazabal amurriotarrek iazko Aste Santuan Alpeetan egindako mendiko eski abentura kontatuko dute barikuan [martxoak 13], 20:00etan, Ondarroako Kofradia Zaharrean Aurrera Mendi Taldearen izenean eskainiko duten hitzaldian.
Arrizabalaga, Goti eta Larrazabal mendizaleak dira, mendi eski zaleak hain zuzen ere. Zaletasun horri jarraituta, iaz hamabost eguneko abentura egin zuten Alpeetan. «Abentura hiru tokitan egin genuen. Alde batetik, Suitza eta Italiako mugan dagoen Monte Rosa mendilerroan zeharkaldi bat eta tontor bat egin genituen. Gero, laugarren egunean, Gran Paraiso mendilerrora joan ginen. Handik Chamonix-era joan ginen; Monte Rosa mendira Suitzako aldetik joan nahi genuen, baina eguraldi txarra egiten zuen», azaldu du Arrizabalagak.
Hamabostaldiko azken lau egunak nahikoa gogorrak izan zirela esan du. «Alpeetako bi gailurrik handienak egin nahi izan genituen, bakoitza bi egunetan: Monte Rosa eta Mont Blanc».
Saio arina. Hitzaldian, hain zuzen ere, hamabost egunetan bizitakoak kontatuko dituzte hiru protagonistek. «Saioa bideo proiekzioekin eta argazkiekin dinamizatuko dugu. Arina izango da». Abentura osoa kontatzeko, eta entzuleak kokatzeko, mapa baten laguntzagaz baliatuko direla ere esan dute.
Esan dutenez, eurek egin zuten plana mendian ibiltzen den edozeinek egiteko modukoa da. «Herritarrek ez dezatela pentsatu muturreko abentura bat egin genuenik. Guk egin genuena eskura dagoen plan bat da».
Barikuan Ondarroan aurkeztuko badute ere, aurretik Amurrion eskaini dute hitzaldia. «Nahikoa jende etorri zen, eta gustura geratu ginen».