Aizarnazabalgo hilketa salatzeko elkarretaratzeak, Lea-Artibai eta Mutrikun
Aintzane Pujanaren hilketa salatzeko elkarretaratzeak gaur [urtarrilak 22] egingo dituzte. Pujanaren gorpua urtarrilaren 4an agertu zen, indarkeria zantzuekin, Aizarnazabalgo Etxabe auzoan.
Elkarretaratzeak deitu dituzte gaur [urtarrilak 22] arratsalderako Lea-Artibai eta Mutrikun, Aizarnazabalen hilda agertu zen Aintzane Pujanaren heriotza salatzeko. Hemen herriz herriko mobilizazioak:
- Mutriku. EMAk deituta, 18:30ean egingo da elkarretaratzea Goiko Plazan, Indarkeria matxistari planto! lelopean.
- Ondarroa. Ondarroako Udalak, 19:00etan, Alamedan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du.
- Aulesti. 19:00etan egingo da elkarretaratzea plazan, Erailketa matxistarik ez! Aski da! Aintzane Pujana matxismoak erailda lelopean.
Pujanaren gorpua urtarrilaren 4an agertu zen, indarkeria zantzuekin, Aizarnazabalgo Etxabe auzoan, ibaiaren ertzean. Ertzaintzaren ikerketak azaleratu duenez, labankadaz hil zuten Pujana, eta hilketagaz zerikusia dutelakoan bi pertsona atxilotu zituzten 23 urteko gizonezko eta 24 urteko emakumezko bat, biak errenteriarrak. Biktimaren hilketa delituaz gain, ustezko bi erasotzaileei beste bi delitu ere egotzi dizkiete: Pujana legez kanpo atxikitzea eta hura sexualki esplotatzea. Ikerketaren arabera, hilketa Aizarnazabalgo nekazal turismoko etxean gauzatu omen zuten, eta bikoteak urtarrilaren 2ko goizaldean utzi zuen Pujanaren gorpua herriko sastraka batzuen artean.