Hamen Bertokoako ekoizleen produktuak, pintxo eta plateretan dastagai
Urri osorako Asteburu Gastronomikoak egitasmoa antolatu dute. Amoroton, Etxebarrian, Lekeition, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren dastatu ahalko dira pintxoak eta platerak.
Lea-Artibaiko hainbat ekoizlek osatzen duten Hamen Bertokoa sareak Urriko Asteburu Gastronomikoak egitasmoa ipini du martxan. Horri esker, urriko asteburu guztietan Hamen Bertokoako ekoizleen produktuekin egindako pintxoak eta platerak dastatu ahalko dira eskualdeko zenbait establezimendutan.
Zehaztu dutenez, guztira bederatzi jatetxe eta tabernatan dastatu ahalko dira 0 kilometroko produktuak sukaldatuta: Amorotoko Epermendin eta Ibai-Ganen, Etxebarriko Antsotegin, Lekeitioko Silken Uribarrenen, Trinketen eta Otoion, Ondarroako Beikozinin eta Sutargin eta Ziortza-Bolibarko Kanpapen.
Zozketa. Pintxoak, errazioak edota platerak dastatzen dituzten guztien artean zozketa bat egingo dutela esan dute. “Zozketa azaroaren lehen astean egingo da”. Zozketan parte hartzeko Hamen Bertokoako produktuekin prestatutako jakiaren argazkia sare sozialetara igo beharko da (Facebook edota Instagram), eta igotzerakoan #hbproduktua traola erabili beharko da. Hori egiteaz gain, establezimendua etiketatu beharko da, baldin eta sare sozialak balitu.
Zozketan parte hartzen duten guztien artean ekimenean parte hartzen duten establezimenduetako batean gastatzeko 50 euroko bonua zozkatuko dute. Irabazleak abenduaren 31 baino lehen gastatu beharko du bonua.