Bertan behera geratu da Lekeitioko Musika Eskolaren Gabon kontzertua
Gaur goizean [abenduak 16] hartu dute erabakia Musikaia musika eskolako arduradunek.
Oihana Etxabe Musikaia Musika Eskolako zuzendariak jakitera eman duenez, abenduaren 22rako aurreikusita zeukaten Gabon Kontzertua bertan behera geratu da. Pandemia hasi zenetik lehenengo aurrez aurreko kontzertua izan behar zuen, baina Lekeitioko egoera okertzen doala eta, kontzerturik ez egitea erabaki dute gaur [abenduak 16] goizean. “Urgentziazko bilera egin dugu, eta aho batez erabaki da kontzerturik ez egitea”.
Bestalde, nahiz eta kontzerturako ezarrita daudenak baino neurri zorrotzagoak aurreikusita eduki, COVID pasaportea eskatu beharrak antolaketa zailtzen die, eta horretarako ez dira prestatuta ikusi. “12 urtetik gorako ikus-entzule eta partaideen COVID pasaportearen derrigorrezko eskaera aurrera eramateak dakarren berrantolakuntzak suposatzen duen bateraezintasunarekin eta arlo ez-pedagogiko ezberdinetatik pasa beharrarekin, denon hobe beharrez emanaldia ez egitera derrigortu gaitu”.