Martxan da Berriatuko Baso Dibertsifikazio Ekologikorako Prozesua, baso eredua aldatzeko asmoz; laster baso mapak kontsultatu ahal izango dira, basogintzako lur sailen antolamendua
Azken hileteetan, Berriatuko Baso Dibertsifikazio Ekologikorako Prozesua eroan da aurrera, baso eredua aldatzeko helburuagaz. Estrategia hori 2021eko udabarrian ipini zan martxan, basogintza jardunaldien baitan. Jardunaldi horreetan basogintzan dagozan arazoak eta erronkak jarri ziran mahai ganean, eta alternatiba batzuk aurkeztu ziran. Alternatiba horreek aukeratu ziran udalerriko errealidadera gehien hurreratzen ziralako eta herritarrei errentagarritasuna emongo deutsielako; izan be, beste lurralde batzuetan funtzionetan daben kudeaketa ereduak dira.
Horren ostean, basogintzarako lursailak aztertu eta antolamentua egin da, gune batzuk jasotzen dituan Baso Mapa osotuz.
Helburuak honeek dira:
- Suteakandik babestea.
- Ura babestea eta klima aldaketari frenoa ipintea.
- Behegainea eta biodibertsidadea berreskuratzea.
- Beste baso ekoizpen eredu bat bultzatzea, bertoko espezieetan oinarrituta eta guztizko mozketak ekidinez.
- Onurak eta kalidadeko zerbitzuak eskainiko dituan ekoizpen eredua ezartea, eskualdeko landa garapena sustatuko dauena.
- Eskualdeko elikadura burujabetza bultzatzea, basogintzarako erabilitako lurrak nekazaritzara eta abeltzaintzara bueltetea erreztuz.
Aste batzuk barru Baso Mapa horreek kontsultetako aukera egongo da udalaren web orrialdean. Horri esker, baso partzela bakotxarentzat zein praktika gomendaten dan jakiteko aukera egongo da. Gomendatu egingo da; izan be, basogintza eredua aldatzeko herritarrak ilusionetea ezinbestekoa izango da, batez be, baso jabeak.
ERAKUNDEEN BABESA. Maparen gomendioei jarraituz, herritarrek alternatiba ekologikoak ipiniko dabez martxan, eta gizarte osoari egingo deutsie ekarpena. Halandabe, denpora batean errentagarritasunik ez dabe izango. Trantsizino ekologiko bat izango da.
Horregaitik, apostu hori egingo daben familiek maila bereko babesa izan behar dabela uste dau udalak. Bizkaiko Foru Aldundia da baso jardueretarako dirulaguntzak kudeetan dituana; bada, bertoko basoak sortzea eta kudeetea indar gehiagoz lagundu beharko litzateke, bai kontserbazinorako basoak, bai produkzinorakoak. Hain zuzen be, konbentzimentu horretatik abiatuta, udalerri mailako laguntzak atarako ditu udalak.
Basogintza Planaren eta horri lotutako dirulaguntzaren ganeko informazino zabala eskaini zan irailaren 15eko aurkezpen ekitaldian.