HITZAren egutegiak janzteko argazki lehiaketa
2022ko egutegietan irakurleen argazkiak jaso nahi ditu HITZAk eta, horretarako, argazki lehiaketa antolatu du. Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte aurkeztu ahalko dira argazkiak. Irakurleek botoa emateko aukera edukiko dute.
Urte amaieran HITZAk Lea-Artibai eta Mutrikun eta Busturialdean kaleratzen dituen bi egutegiak jantziko dituzten argazkiak lehiaketa bidez aukeratuko dira aurten! Beraz, 2022ko Busturialdeko mahaigaineko egutegiak eta Lea-Artibai eta Mutrikuko hormako egutegiak irakurleek ateratako argazkiak erakutsiko dituzte. Eta noski, hilabete bakoitzeko argazkiak saria edukiko du! Hamabi hilabete, hamabi sari!
Uztailaren 1ean hasiko da lehiaketa, eta parte hartzaileek abuztuaren 31 arte edukiko dute argazkiak bidaltzeko aukera. Parte hartzeko nahikoa da webguneetan ikusgai dagoen Argazki lehiaketa atalean KLIK egitea eta datuak betetzea.
Horrez gain, egunkariaren papereko alean agertzen den argazki lehiaketaren iragarkiako QR kodea eskaneatuta ere parte hartu daiteke lehiaketan. Hori bai, parte hartzaile bakoitzak eskualde bateko edo besteko argazkia aurkeztea erabaki beharko du; izan ere, argazki bakarra baino ezingo da aurkeztu lehiaketara.
- Gaia librea da, baina lanak originalak eta beste inon argitaratu gabeak izan beharko dute. Era berean, beste lehiaketaren batean saritu gabeak izan beharko dute, eta parte hartuko duen eskualdean ateratako argazkiak izan beharko dira.
- Irakurleen botoa. Lanak JPG edo PNG formatuan bidali beharko dituzte egileek, eta gutxienez 800 Kb-ko pisua eduki beharko dute, paperean inprimatzerakoan kalitate ona eduki dezan.
- Irabazleak aukeratzeko modua. Lehiaketara aurkezten diren lan denen artean onenak aukeratuko ditu epaimahaiak. Guztira hamar argazki aukeratuko dituzte, Lea-Artibai eta Mutrikuko bost eta Busturialdeko beste bost. Epaimahaia, hain zuzen, argazkilaritzan adituak diren hiru pertsonak osatuko dute: Mari Karmen Morenok (IKU argazkiak –Markina-Xemein–), Yolanda Eizagirrek (Klik-Klak –Ondarroa–) eta Beñat Bonillak (Bonilla argazkiak –Gernika-Lumo eta Bermeo–).
- Irakurleen botoa. 12 argazkietatik falta diren biak irakurleek aukeratuko dituzte. Busturialdeko eta Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzetako webguneetan eman ahalko da botoa, argazkiak aurkezteko epea amaitutakoan. Hitzak irailaren 14an argitaratuko ditu irabazleen izenak.
- Sariei dagokienez, irabazle denentzako berdinak izango dira. Hain zuzen, epaimahaiak eta irakurleek aukeratzen dituzten 12 horietako egileek nahi duten argazkia inprimatu ahal izango dute formatu zurrunean, 30×40 zentimetroko euskarri gogorrean. Argazki dendek eskainitako saria izango da hori. Horrez gain, Hitzakide digitalaren harpidetza doan izango dute urtebetez, eta 2022. urteko egutegi biak ere eskuratuko dituzte, hormakoa eta mahai gainekoa.