Herriko eragileek euskararekiko duten harremana aztertzen hasiko da Mutrikuko Udala
Euskara zerbitzuak herriko hainbat eragileekin batuko da euskararekiko duten harremana zein den aztertzeko. Helburua bat. euskaraz funtzionatzeko arazorik duten jakitea, eta hala izango balitz, udal zerbitzuaren laguntza eskaintzea konponbide bat topatzeko.
Udalak jakitera eman duenez, euskara zerbitzuaren lehenengo bisita merkatariek eta ostalariek jasoko dute. «Urtea hastearekin batera, Uemako egutegia bidali diegu. Egutegian Uemak euren esku jartzen dituen euskarazko baliabideen berri ematen zaie. Horrez gain, euskara teknikariaren bisita jasoko dutela ere adieraz zaie», azaldu du udalak.
Teknikariak euskararekin duten harremanari buruzko datuak bilduko ditu, bai eta euskararekiko dituzten beharren, kezken edota duden gaineko informazioa ere. «Egoeraren diagnosia egin nahi dugu. Hutsuneak dauden antzeman nahi dugu, eta baleude, horiek konpontzeko bideak jarri», adierazi dute. Gainera, euskara zerbitzua herritarrengana hurbilduko du udalak. «Zerbitzu hori ere euren eskura dagoen udal zerbitzua dela ikusarazi nahi diegu».
Baliabideak interneten
Udalaren webgunean, www.mutrikukoudala.net, daukan atala indartu du euskara zerbitzuak. Herritarrentzat baliagarriak diren hainbat elementu jarri dituzte bertan. Oraingoz, hiru atal ditu: Euskara interneten, Euskarazko produktuen katalogoa eta Euskarari buruzko albisteak.
Euskara interneten atalean, euskaraz lan egiteko, idazteko, nabigatzeko edo jolasteko dauden tresnak bildu dituzte. «Sarean daude, erraz eskura daitezke, eta inolako zailtasunik gabe erabili. Gainera doakoak dira», esan dute udal ordezkariek.