ATEA elkarteak zenbait txakurren egoeraren inguruan egindako salaketa aztertzen ari da Mutrikuko Udala. Datu guztiak bildutakoan erabakiko du udalak neurri zuzentzailerik hartu behar duen edo ez, eta erabakia hartutakoan, besteak beste, udalaren aurrean egoera salatu zuen elkarteari jakinaraziko zaio.
Udalak jakinarazi duenez, salaketa jaso orduko udaltzainak elkarteak adierazitako gunera joan ziren, eta dagokion txostena prestatzen ari dira orain. Udaltzainez gain, udalarekin lan egin ohi duen albaitariari txakurren egoerari buruzko txostena egiteko eskatu zaio.
Horrez gain, animalien aldeko elkarteak aitatutako txakurren jabearekin harremanetan jarri dira agintariak, eta haren bertsioa jaso dute. Horri lotuta, txakurrak dauden gunearen inguruan bizi diren herritarrei gai horren inguruan eduki dezaketen informazioa eskatuko diete, jabeak emandako bertsioa berresten duten ikusteko.