Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi! lelo hartuta, Euskaraz Bizi Egunean batzeko deia egin du euskalgintzak. Agoitzen egingo dute aurten Euskal Herrian Euskarazek antolatzen duen egun hori, zapatuan. Euskaraz bizitzeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna izango da, eta euskalgintzako taldeek be parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
«Euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela, euskaraz bizi nahi dugula erakusteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna», EHEk azaldu duenez; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest daudela adieraziko dute herritarrek Agoitzen. Euskararen espaloian jarraitzeko hautua egitera bultzatu gura dute norbanakoa, erdararen errepidera jauzi egin gabe. Izan ere, mendeetako zapalkuntzak euskal herritarrengan «ustezko errespetuzko jokabide sumisoak» eragin dituela dio Euskal Herrian Euskarazek. Hala, herriak bezala, euskaldunak ere burujabe izan behar duela deritzo talde euskaltzaleak. «Bakoitzak beretik eta komunitate moduan bultza eginez, iraultzarako garaia da orain datorkiguna».
Euskara, eztabaida politikora
Euskara, euskalduna eta herri euskalduna eztabaida politikoaren erdigunera eroan behar direla dio Euskal Herrian Euskarazek. Euskara eta politika ez direla batu behar diotenen aurrean, euskarak politikak behar dituela aldarrikatu gura du EHEk: «Ezin dugu sasi ofizialtasun eta menpeko hizkuntza politikak aldarrikatzen jarraitu». Euskarari lehentasuna emango dioten legedi eta politikak aldarrikatzeko garaia dela diote, «baita euskara ezagutu beharreko hizkuntza gisa kokatzekoa ere; eta erabakitzeko eskubideari tiraka, hizkuntza politika burujabe eta nazionala eskuratzen ahalegintzeko garaia be bada».
Eusko Jaurlaritzak egin dituen murrizketek hizkuntza politika jakin bati erantzuten diotela esan du Euskal Herrian Euskarazeko bozeramale Nestor Estebanek. «Ez da euskara lehenesten. Aldatu behar dena hizkuntza politika da, eta horrek ekarriko du aurrekontuak beste batzuk izatea». Baina Eusko Legebiltzarraren osaketa ikusita, sortutako itxaropena zapuztu egin dela dio.
Politika horiei herritik erantzun behar zaiela uste du EHEko bozeramaleak: «Herritarrek euskararen aldeko hautua indartzen dugun heinean, politiketan norabide aldaketa bat izan daitekeela uste dugu. Hautu hori indartzeko dinamikak herriz herri, auzoz auzo, sustatu behar ditugu». Horretarako, hizkuntza komunitate legez erantzutea ona izango litzatekeela uste du Estebanek.
Autobusa Gernika-Lumotik
«Kezkaz» ikusten du EHEk euskararen egoera, eta zapatuan egingo duten Euskaraz Bizi Eguna mugarri izatea gura du, euskaraz bizitzeko hautua indartzeko mugarri.
Atzo egin zuten Ondarroan Euskaraz Bizi Egunaren aurkezpena jendaurrean, eta Gernika-Lumoko euskalgintzak be zapatuan Agoitzera joateko deia egin zuen joan den astean. Horretarako, Euskaraz Bizi Egunera joateko autobusa antolatu du Euskal Herrian Euskarazek. Gernika-Lumotik aterako da, apirilaren 13an, 09:00etan, autobus geltokitik. Arrano tabernan emon daiteke izena, 5 euro ordainduta.