II. Enpresa Ideia Lehiaketa jarri dute martxan Lea-Artibain
Bigarren urtez jarri dute martxan Azaro Fundazioak eta Mendikute-Rosario Elkarteak. Azaldu dutenez, parte hartzaileek azaroaren 30a izango dute beraien proiektuak aurkezteko azken eguna. Hain zuzen, aipatu lehiaketak «Lea-Artibain enpresa eta lanpostu berriak sortzea» du helburu.
Hala, «enpresa ideiak erakarri, bideragarritasuna duten enpresa proiektuak eta ekintzaileak identifikatu eta horiek enpresa kudeaketan trebatzea» lortu gura dute. Azken finean, enpresa berriaren sorreran bultzada emango duena izan nahi dute Mendikute-Rosario Elkarteak eta Azaro Fundazioak; dena den, enpresa berria merkatuan sarttzen den momentuan, enpresaren lidertza ideiaren ekintzaileen esku geratuko litzatekela argitu dute.
Guztira, lau sari banatzeko
Sariei dagokionez, lau sari banatuko dituztela jakinarazi dute ideia enpresa lehiaketaren antolatzaileek: hala, lehiaketako irabazlea 10.000 eurogaz sarituko dute; bigarrenak eta hirugarrenak, berriz,3.000 eurona jasoko dituzte, eta, azkenik, Lea-Artibaiko bizilagunen artean ideia onena duenari ere 3.000 euroko saria emango diote, betiere, aurrekoetan saritua izan ez bada.
Lehiaketako irabazleak nortzuk izan diren, hala ere, ezin izango da jakin otsailaren 27ra arte; orduan egingo baitute sari banaketa ekitaldia.
Iaz, esaterako, 28 enpresa-egitasmo aurkeztu zituzten lehiaketara, guztira; eta, horien artean, lehenengo hiru onenak saritu zituzten. Egun, hiru ideia horientzako laguntza teknikoa ematen ari dira lehiaketaren antolatzaileak.