Adin ezberdinetako kuadrillei egin die deia kirol batzordeak. Argazkia: Kirol Agenda.
Ondarrutarrak Kalamendira: egunero baietz! egitasmoaren barruan erronka berria ezarri die herritarrei. Urtea bukatzeko 50 egun baino gutxiago falta direnean, kuadrillan joateko proposamena luzatu die herritarrei kirol batzordeak. Orain bi aste mendi bizikletako kideei egin zieten gonbitea, eta orain, deia adin guztietako kuadrillei egin diete.
Zapatuan eta domekan, kuadrillan zer edo zer egin nahi duenak Kalamendira joateko aukera izango du. “Egitasmoagaz amaitzen ari garenez, jendea kuadrilla giroan Kalamendira joatera animatu nahi dugu. Ea gero zer nolako erantzuna izaten duen. Kuadrilla guztietan, beti eon izan ohi denak mugitzen dituen kide bat. Haren esku uzten dugu guztia”, azaldu du Iñaki Beitia kirol batzordeko kideak.
Orain bi aste mendi bizikletako kideekin antzeko ekimena egin zen, eta erantzuna ona izan zuen. Asteburu honetako deiak ere erantzun ona izatea espero dute kirol batzordeko kideek. Kuadrillan ateratzen diren argazkiak kirol agendara bidaltzea eskatu dute.