TMA Etxebarriko enpresa, konkurtsoan dago, eta horren ondorioz itxi egin zuten. Arakistainek enpresa egoki kudeatu zuen erabakiko dute orain, Merkatil arloko epaitegian.
Epaiketaren harira, elkarretaratzea egin dute epaitegi aurrean LABek eta TMAko beharginek. «Langileek egindako borroka eta gaiaren jarraipen zehatz baten ondorioz lortu da arlo merkantilean enpresaria epaitzea, baina horretarako langileak greba mugagabean hileak egin zituzten, hainbat diru kobratu barik, eta epaiketa penalen zai daude enpresarien salaketen ondorioz; argi dago legea noren alde dagoen», azpimarratu dute.
Gaur eguneko legediak ez dituela beharginen eskubideak bermatzen salatu dute: “Horregatik, Euskal Herriko langileok beste lan harreman eredu bat behar dugu, geuk erabakia, geure herrirako ta langileon eskubideen defentsa bermatuko duena”.