Dejabu Panpin Laborategiaren 'Arrastoak' lanak estreinatuko du Ikusgarri aretoko denboraldia
Dejabu Panpin laborategiaren Arrastoak lana taularatuko da lehenengo. Euskal Herri guztitik bueltaka dabilen antzezlana bihar (otsailak 27), 20:00etan eskainiko dute. Sarrerak 10 euro balio ditu eta aurretiaz lortu daitezke Kultur Etxean.
Antzezlanak belaunaldien arteko lotura ikustezin horiei buruz gogoeta egin nahi du, generazioz generazioko herentziaz eta askatu gabeko korapiloez mintzatu. Lur izeneko neska baten bidaia emozionala kontatzen da. Izan ere, Lurren amak arrastorik utzi gabe egin zuen ihes etxetik bera txikia zenean. Ordutik berak bakarrik egin behar izan dio aurre bizitzari, etxean harrapatuta bizi den aita zainduz, erantzunak bilatzeko astirik gabe. Gutxien espero zuen momentuan, baina, ama hilik topatzen dute eta orduan azaltzen dira Lurrengan hainbat galdera. Galdera hauek denboran atzera eramango dute protagonista eta iraganeko gertaerek bere barruan eragindako sentsazioak kanporatuko dira, ezkutuko beldurrak eta mamuak. Hala, sentimendu guzti hauei aurre egin beharko die Lurrek.
‘Arren ganbara eta emeen sotoa’
Martxoaren 7an, berriz, Arren ganbara eta emeen sotoa tragikomedia ailegatuko da Lekeitiora. Ikuskizun horregaz publikoa aho zabalik uzteko prest dago Iñaki Ziarrusta aktore eta zuzendariaren ATX Teatroa. Kontatzeko modu grotesko, ironiko eta jostalaria duen tragikomedia aurkituko du ikus-entzuleak Ziarrustaren aburuz: “Gaia gordina da, botereak indarrean jarraitzeko erabiltzen dituen mekanismoak azaltzen baititu, muturreko matxismoa, elizaren errepresioa eta emakumearen zapalketa ukituz”.Martxoaren 7an, 19:00etan izango da antzezlana 5 euroren truke. Sarrerak aurretiaz lor daitezke kultur etxean.