Iparra Galdu Baik plataformak antolatuta, preso ondarrutarra etxeratzeko eskatzen duen ekimenetako bat
Iparra Galdu Baik plataformak adierazi duenez, azkenaldian espetxean bizi duen “egoeraz nazkatuta” dago Ibon Iparragirre. “Bizi duen ezintasun egoerari konponbide bat ez bazaio ematen gose greban jartzeko asmoa adierazi dio familiari. Amak egoteko esan dio, bideratuko dela, gose grebak txikitu egingo lukeela”.
Plataformak nabarmendu duenez, preso politiko ondarrutarrari
oinarrizko eskubideak egunero urratzen dizkiote, “bizitza bera jasanezina bihurtu arte”. Presoaren esanetan, Alcala Mecon daramatzan hiru hilabeteetan 30 aldiz lapurtu diote gutxienez, eta egunero, mehatxuak eta irainak jasaten ditu dominikar talde baten aldetik. “Espetxezainek ondo baino hobeto ezagutzen dute egoera hau, eta ez dute ezer egiten konpontzeko”.
Iparra Galdu Baik plataformaren agerraldi bat
Azken hiru hilabeteotan denetarik ostu diote: janaria, galtzerdiak, telebistaren kablea… Orain dela egun batzuk bi preso ere aurkitu zituzten bere ziega barruan lapurtzen. Lapurtu dizkioten objektuen artean orain dela hilabete bat ordezko haginak lapurtu zizkioten. “Horrek zera adierazten du: sistematikoki lapurtzen diotela, lapurtutako objektuaren premia izan al ez. Hori guztia buruko gaixotasun larri eta sendaezina jasaten duen pertsona bati egiten diote, legearen eta justiziaren izenean? Hauek dira modulo arruntean kiderik gabe egotearen ondorioak”.
Lapurretan egin dioten azken aldia, aurreko astean izan zen. Presoak gosari, bazkari edo afariaren bila joaten direnean ziegak irekita gelditzen dira, eta Iparragirreri denbora tarte horretan osten diotela salatu dute. Ondarrutarraren ziega, hain zuzen, irekitzen duten lehenengoa eta zarratzen duten azkena dela nabarmendu du plataformak. “Irekita denbora gehien egoten den ziega berea da. Dutxatik urrutien dagoen ziega ere berea da, eta ez lapurtzeko, esate baterako, azken 15 egunotan behin dutxatu da bakarrik. Batzuetan norbait aurkitzen du ziega zaintzeko bera kanpoan dagoen bitartean, baina hori beti ere ez da posible izaten. Ziegako atea irekita uztea erabakitzen badu, ziegatik ateratzen den bakoitzean, lapurtu egiten diote. Eta ziegako atea itxita uztea erabakitzen badu, ostera, ziegara itzultzeko eskubidea galtzen du”.
Iparra Galdu Baik egindako elkarretaratze bat
Iparragirreri edozer gertatzen bazaio
“errua” Angel Yusterena eta Jose Luis Castrorena izango litzatekeela ohartarazi dute Iparra Galdu Baik plataformako kideek. “Nola dagoen jakinda, etxera bidali beharrean, Navalcarneroko erizaintza modulutik atera eta Alcala Mecoko modulu arruntean sartzea agindu eta baimendu dute. Batak, espetxe politika mendeku tresna bihurtuz Ibon heriotzaren muturreraino eramateagatik; eta besteak, auzi honen giltza eskuetan edukita Ibonen sufrikarioa etengabe luzatzeagatik”.
Hori dena kontutan edukita, Iparra Galdu Baik plataformak preso ondarrutarra etxera bidaltzeko eskatuz
gutun eta telegrama kanpaina berri bat martxan jartzea erabaki du. Gutunak eta telegramak honako helbideetara idatzi daitezke:
Angel Yuste Castillejo
Direccion General de Instituciones Penitenciarias
c) Alcala 38-40, 28014, Madrid
Jose Luis Castro Antonio
Juzgado de Menores y Vigilancia Penitenciaria
Luis Cabrera 9, 28002, Madrid