Ezkerretik eskumara, Jose Migel Toledo, Joseba Palenzuela eta Pedro Azkue udalaren egitasmoen aurkezpenean
Mutriku eta Sasiola errepidearen alternatiba izan daitekeena eta Turruntegi eta Arbe arteko espaloiaren aurreproiektuak aurkeztu zizkien herritarrei Mutrikuko Udalak aurreko astean. “Bi proiektu hauek helburu desberdinak baldin badituzte ere, etorkizuneko plantemendua dute. Zerbait izan daitekeenaren hasiera dira”, azaldu zuen Joseba Palenzuela alkateak.
Aurkezpena Mutriku eta Sasiola errepidearen alternatiba aurkezten hasi zuten. Azken urteotan egitasmoak izan dituen gorabeherak azaldu zituen, eta alkatearen esanetan,
errepide berria egiteko asmoa aspaldiko kontua da, ia 20 urte arinagokoa. “Kostaldeko bideak bere arriskuak zituela ikusten zen, eta bide hori jausten bazen Mutriku komunikazio larriekin lagatzeko arriskua zegoen. Mutrikutik pasatzen den zirkulazio guztiak alternatiba beharra zuen, kostaldeko bidea nahikoa izango ez litzatekeen egunean, hori dena igaro ahal izateko”.
Azken agintaldian, udalakĀ Gipuzkoako Foru Aldundiari errepide berria egiteko proposamena egin zion berriro, baina aldundiko ordezkariek “garestiegia” zela erantzun zieten. “82 milioi euro balio dituen exekuzio proiektua gehiegizkoa zela nabarmendu ziguten. Diru kopuru hori Gipuzkoako errepide guztien urteko mantenua baino garestiago dela argudiatu ziguten, eta ez zela bideragarria”.
Pedro Azkue Mutriku-Sasiola alternatibaren inguruko azalpenak ematen
Hala ere, udal ordezkariak ez ziren esku hutsik bueltatu batzar hartatik. Egitasmo “merkeago eta bideragarriago” bat aurkeztu gero, aldundiak dirua emango zuela eta lanetaz udala arduratu beharko zela adostu zuten. Hori eta gero, eta aldunditik lortutako diru laguntzekin, hasierako egitasmoa birplanteatzeko eskatu zioten Endara Ingeniaritza enpresari.
Udalak horrela eskatuta, Endara enpresa diru gutxiagorekin antzeko egitasmo bat egitea posible zen edo ez aztertzen ibili da azken hilabetoetan, eta horren berri eman zuen Pedro Azkue ingeniariak. “Gutxienez hiru helburu bete behar zituen proiektua gauzatzeko eskatu genion Azkueri. Alde batetik, ingurumena ahalik eta gutxien kaltetik behar zuen, eta bestetik, bidean bi ibilgailu astun gurutzatzeko behar besteko zabalera izan behar zuen bideak. Hori guztia, ahalik eta merkeen egiteko eskatu genion”, azpimarratu zuen Palenzuelak.
Egindako azterketa berriaren arabera, kostua laurdenera jaitsiko litzateke. Pedro Azkueren ingeniariaren esanetan, lehendik dagoen errepidea ahalik eta gehien aprobetxatu beharko litzateke
Azkuek egindako azterlana eta gero, egitasmoa merkeagoa izan daitekeela aipatu zuen ingeniariak. “Beste irizpide batzuk kontutan edukita, nire ustez, proiektua gauzatzea posible da. Egin ditudan kalkuluen arabera, 20 milio euro inguruko aurrekontua beharko litzateke; hasieran proposatutakoaren laurdena”. Ingeniariak, gainera, proiektua zazpi zatitan planteatu du. “Nire ustez, zatika planteatuta, gauzatzeko aukera gehiago ditu”.
Azkueren iritziz, egitasmoa bideragarria egiteko “errepideak nahitaez ahalik eta gehien aprobetxatu” beharko lirateke. “Hasierako egitasmoa merketzea posible da beste irizpide batzuekin. Proiektu zaharrak errepide berri bat egitea aurreikusten zuen, eta ez zuen ezer aprobetxatzen. Kostuak merketzeko ahalik eta errepide gehiena aprobetxatu beharra dago; gerokoan, bihurguneak hobetu eta bidea zabaldu beharko dira”.
Azkue, Palenzuela eta Toledo
Debara arteko oinezkoen pasealekua
Era berean, Turruntegi eta Arbe artean egin nahi den espaloiaren aurreproiektuaren berri ere eman zuten. “Aldundian dirua egon daitekeenean, proiektua mahai gainera ateratzeko moduan eduki nahi genuen, eta lanak hasteko moduan laga”, azaldu zuen alkateak.
Asmoa Debara arte iritsiko den oinezkoen pasealekua egitea baldin bada ere, Turruntegi eta Arbe batuko lituzkeena azaldu zuen Martuarte enpresako Jose Migel Toledo arkitektuak.
Aurreproiektua hiru zatitan gauzatu beharko litzatekeela adierazi zuen arkitektuak. Lehen fasean, Turruntegi eta Alkolea arteko 350 metro batzeko, 680.000 euroko aurrekontua beharko litzateke.
Bigarren fasean, Alkolea eta Arbe batzen zituen 600 metroetan, bi aukera zeudela nabarmendu zuen. Alde batetik, errepidea orain dagoen bezala jarraitzea, eta bestetik, tunel bat egitea. Lehen aukeraren aurrekontua 1.175.000 eurokoa izango litzateke, eta bigarrenarena, 2.350.000 eurokoa. Bigarren aukera askoz garestiago suertatzen baldin bada ere, abantailak gehiago zirela nabarmendu zuen. “Inguru horretan t
unela egingo balitz, orain bihurgunea dagoen toki guzti hori oinezkoentzat izango litzateke. Tunela egitea merezi duela uste dugu”.
Azkenik, Arbetik Arrilabaingo faseak 500.000 euroko aurrekontua beharko zuela adierazi zuen Toledok.