Bihar gauean erabakiko da Mutrikuko I. Berdel Txapelketako bikote irabazlea
Mutrikuko Danok Bat Pelotazale Elkarteak adierazi duenez, bihar «sekulako ikusikuzuna» egon da I. Berdel Afizionatuen txapelketaren finalean. Jai giro politean jende asko espero dute antolatzaileek: «Moilako jaia amaitu eta gero, herritarrei Miruaitzera etortzeko gonbitea luzatu nahi diegu. Partidak doan izango dira, gainera».
22:00etan hasita, afizionatu mailako punta-puntako bi bikotek jokatuko dute finala. Barandika eta Aitor Andonegi mutrikuarrak osatutako bikoteak Alberro eta Inzaren aurka jokatuko dute. Finala 30 tantora jokatuko da.«Bi bikoteek ere txapelketa oso ona jokatu dute, eta txapela lortzeko lehia oso estua eta gogorra izango da», adierazi du Jon Mendizabal Danok Bateko kideak.
Era berean, hirugarren postua lortzeko lehia ere, oso estua izango dela nabarmendu dute antolatzaileek. Berriatuko Alberdik eta Urangak osatutako bikoteak Jon Goenagaren eta Lekerikaren aurka jokatuko dute. Partidari dagokionez, 25 tantora jokatuko da. «Finalaren modura, bi bikoteen arteko lehia oso estua izango da. Txapelketa polita jokatu dute biek ere, eta hirugarren postua lortzeko norgehiagoka gogorra espero da».
Gipuzkoako eta Udaberri txapelketak, etzi
Biharko gau zirraragarriaren ondoren, etzi ere zesta-puntako finalak jokatuko dira Mutrikuko frontoian. 17:00etan hasita, Gipuzkoako txapelketaren eta Udaberri txapelketaren finalak jokatuko dira.
Lehendabizi, Txikien mailako Gipuzkoako Txapelketako finalak jokatuko dira. Danok Bateko Zuhaitzek eta Aratzek Zumaiako bikotearen aurka jokatuko dute.Alebin mailan, aldiz, Danok Bateko Eñaut eta Alainek Zumaiako bikotearen aurka jokatuko dute.
Azkenik, Udaberri Txapelketako finala jokatuko dute nagusiek. Zumaia 1 eta Hondarribiak jokatuko dute norgehiagoka.