Asteburuan Prato Nevoson (Italia) jokatu den Mundu mailako mendi eski kopako bakarkako azken proba jokatu ostean, sailkapen orokorreko 13. postuan amaitu du Nahia Quincoces eskiatzaileak. Pozik agertu da mendexarra azken probaren ostean. “Lortu ditudan emaitzekin oso pozik nago. Denboraldi honetan asko ikasi dut, eta hori oso positiboa da”.
Mondole Ski Alp txapelketan hiru probetan parte hartu du, eta hiruretan ere nahikoa ondo ibili da. Barikuan [martxoak 27], esaterako, kronoigoeran 9. amaitu zuen. 2 kilometro pasatxoko ibilbidea eta 500 metroko igoera bertikala zituen proba amaitzeko 28 minutu eta 27 segundo behar izan zituen.
Nahia Quincoces igoera bertikalean parte hartzen. Argazkia: ISMF
Zapatuan [martxoak 28], ostera, probarik luzeena jokatu zen. 14 kilometro eta erdiko ibilbidea, ez zen bat ere erraza izan.
3.000 metroko desnibela eta sei igoera eta jaitsiera tekniko eduki zituzten aurretik partaideek, eta tartean, 2.382 metro dituen Mondole mendia igo eta jaitsi behar izan zuten. “Aurreko egunean elur asko egin zuen, eta eguraldi beroa zegoenez, elur-jausiak egoteko arriskua zegoela esan ziguten. Antolatzaileek ibilbidea zer edo zer moldatu egin zuten gure segurtasuna bermatze aldera”.
Finalerdien atean
Quincoces 9. helmugaratu zen, aurreko bi sailkatuengatik minutu erdira. Ordubete, 54 minutu eta 52 segundoko denbora behar izan zuen proba amaitzeko.
Domekan [martxoak 29], aldiz, abiadura lasterketa jokatu zen. 13. postuan amaitu zuen, eta segundo baten ehuneko gutxiren faltan, finalerdien atean geratu zen. 4 minutu eta 33,56 segundo behar izan zituen 750 metroko ibilbidea amaitzeko, aurreko sailatuak baino 4 ehuneko gehiago. “Pena izan da. Denbora oso gutxigatik kanpoan geratu naiz”