Mutrikuarrak Santa Katalina komentuarekin zer egin erabakitzen aritu dira azken bi asteotan egin den dinamika parte hartzailean. Udalak herri partaidetzan oinarritutako proiektua izatea nahi izan du, eta herritarrei eta hainbat eragileri Interpretazio Zentruaz gain eraikinari zer erabilera eman zitekeen planteatu zaie.
Mutrikuko Udala eta prozesua guztia aurrera eraman duen
Eusko Ikaskuntza elkarteko kideak pozik agertu dira dinamikak izan duen partehartzearekin. Lau taldetan banatuta egin dira saioak eta guztira,
50 pertsonak parte hartu dute. Joseba Palenzuela alkateak eskerrak eman nahi izan die denei. “Zuek egindako dinamika horretatik jaso diren ondorioak batu, eta kanpoko finantzaketa lortzeko horiek aurkeztea da gure asmoa”.
Ideia asko
Eusko Ikaskuntza elkarteko kideek adierazi dutenez, herritarrekin eta eragileekin batera egin diren saioetan behar, iritzi eta ideia asko jaso dira .
Dinamika
bi zatitan banatuta egin da: alde batetik, proiektuaren indarguneak, ahuleziak, aukerak eta mehatxuak aztertu dira, eta, bestetik, Interpretazio Zentroarekin espazio konpartitu beharko lituzketen beste erabilerak identifikatu, eta horiek lehentasunen arabera sailkatu dira.
Arrate Arin Eusko Ikaskuntza elkarteko kidea komentuko prozesuaren analisiaren azalpenak ematen
Talde guztiek igorritako ideiak multzokatu, horien araberako analisia egin eta lan lerro nagusi batzuk ondorioztatu dituzte dinamikaz arduratu diren Eusko Ikaskuntza elkarteko kideek. “Jaso ditugun ideia guztien artean, oro har, Intepretazio Zentroa egin behar denarekin adostasuna egon da, baina, beti ere, herriko beste erabilerekin osatzea eskatzen zuten guztiek”.
Komentuan geratzen den espazio libreari zer erabilera ematerako orduan hainbat ideia agertu badira ere, horien artean
aterpetxea nagusitu dela nabarmendu dute dinamikaren koordinatzaileek. “Herrian lotarako gunea beharrezkoa dela ikusten da, eta horretarako gunerik egokiena komentua da. Horrez gain, komentuko kanpoaldea, duen berdegunea eta ingurua herrira irekitzea oso onuragarritzen jo dira”.
Eman beharreko hurrengo pausoak
Ateratako ondorioen berri emateaz gain, proiektuak aurrerantzean emango dituen pausoen berri ere eman dute. Turismoa erakartze aldera, esate baterako, laster
hamalau interpretazio panel jarriko dira herrian zehar. “Jakin badakigu herrira bisitari asko etortzen direla, baina askok portua ikusi eta alde egiten dute. Panel horiekin, bisitaria herri osoa ikustera gonbidatu nahi dugu”.
Eusko Ikaskuntzako kideak azalpenak ematen
Arduradunek aurreratu dutenez, altzairuzko totemak izango dira, eta denak gailu mugikorretarako QR kodeekin prestatuta daude. “Panelak oso grafikoak izango dira argazkiekin, irudiekin eta testu oso landuarekin. QR kodeak informazio osagarria emango die bisitariei euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez”.
Panelez gain, gaurtik [apirilak 1] hasi eta ekainera bitartean, Europako dirulaguntzetara jotzeko oinarrizko den Plan Zuzentzailea idazten hasiko dira. “Plan horretan bi atal nagusi jorratuko dira. Alde batetik, eraikinean egin beharreko integrazio minimoak, eta, bestetik, erabilpen desberdinen arabera, fasekako plangintza eta kostuen analisia. Guzti horrekin plan integral bat landuko da, eta Geoparkearekin batera Europar Batasuneko diru laguntzetara bideratuko da”.