Herritarrek eskudun erakundeei azkenaldian Ondarroan egon diren lapurretei konponbide bat emateko eskatu diete, gaur [apirilak 15]. Eguerdiko protestagaz egoerari lehenbailehen irtenbide bat emateko eskatu dute.
Nahikure lapurretaik lelopean dozenaka herritar eta dendari batu dira Alamedan egindako elkarretaratze isilean. Denek ere “segurtasunez bizi eta lan” egin nahi dutela aldarrikatu dute. Ezinegona nabaria da herritarren artean, eta segurtasun aldetik neurriak gehitzeko eskatu dute. “Orain arte bizi izan garen modura, lasai bizi besterik ez dugu nahi egin”, adierazi du herritar batek.
Herritarrek gaur eguerdian Alamedan egindako elkarretaratzea
Herritarrak kexu dira, eta arduratuta daude. “Egoera ez baldin bada baretzen, horrelako martxan geure kontura hasi beharko gara kaleak zaintzen”, aitortu du beste herritar batek. Izan ere, lapurreten kaltetuak asko izan dira hilabete luze hauetan: dendariak, tabernariak, zerbitzu enpresak, elkarteak eta partikularrak.
Azkenaldian egoerak okerrera egin duela kexu dira herritarrak eta dendariak. 2015 urtea hasi zenez geroztik ia 40 lapurreta egon dira Ondarran, eta egoerari irtenbide bat ematea exijitzen dute
Kaltetu horietako azkenetako bat Jose Antonio Rodriguez Artabide kalean dagoen Gaspar harategiko jabea izan da. Aste Santuetako oporretan lapurrak bere saltokian sartzen ahalegindu ziren eraikina berritzeko jarri duten aldamiotik. “Egoeragaz nazkatuta gaude. Urtea hasi zenez geroztik ia 40 lapurreta egon dira herrian. Egoerari irtenbide bat ematea eskatzen dugu, eta honekin guztiarekin amaitzea. Lasai bizi nahi dugu, besterik ez”.
Kezka nagusi da herritarren artean
Marian Vitoria, Vitoria optikako optikari eta jabea ere egoeragaz kezkatuta dago. “Ezintasuna sentitzen dugu honen guztiaren aurrean. Beldurrez gaude, eta gure aldetik ezin dugu ezer egin. Autoritateek ez baldin badituzte geldi arazten, lapurrek libre jarraituko dute”.
Carlos Idiakez herriko Idiakez liburu dendako jabeak egoeraz nekatuta daudela dio; lapurrak bere lokalean sartzen ahalegindu ziren. “Tamalez, ez da azken asteetako gauza bat. 2014tik gai honegaz bueltaka gabiltza. Dendariak eta herritarrak, oro har, egoeragaz nekatuta gaude, izan ere, lapurreta kopurua handia da. Gure ezinegona besterik ez dugu adierazi nahi gaurko moduko ekimenagaz”.
Argia Ituarte alkateari ere, egoera kezkagarria iruditzen zaio. Udala arazoari irtenbide bat emateko ahaleginetan dabilela dio, eta horren inguruan “ahal duten neurrian” lanean jarraitzen dute udaltzainek. “Gaiagaz arduratuta gaude. Beharbada, Ondarroako datuak beste herri batzuekin alderatuta ez dira handiagoak izango, baina, egia esan, azken boladan lapurreten kopurua Ondarroan asko gehitu da. Garrantzitsua da horren guztiaren kontzientzia hartu, eta horren aurrean zer egin dezakegun aztertzea”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.