Julen Amezketa 25. Sabin Foruria Memorialeko irabazlea helmugaratzen.
Aldaola kalean esprinta jo ondoren, bakarrik ailegatu zen Baque Campos Team taldeko txirrindularia helmugara. Bi segundutara heldu zen jarraian, bederatzi laguneko taldea. Guztien artean, Telco ‘ M Gimex taldeko Alain Santamaria eta Lehendakari Txapelketaren buru jarraitzen duen Caja Rural-Seguros RGA taldeko Jonathan Lastra izan ziren bizkorrenak, bigarren eta hirugarren geldituz.
Irabazleagaz gain, Baque Campos Team taldeko beste bi txirrindulari ailegatu ziren lehenengo bost txirrindularien artean: Juan Antonio Lopez Cozar eta Julian Barrientos. Emaitza on horiek, taldeko garaipena ere eman zioten Baque Campos Team taldeari.
Lea-Artibaiko lehenengo txirrindulariari ere saria eman zion, Sabin Foruria Memorialaren antolatzaile Markina-Xemeingo Txirrindulari Taldeak; Fundacion Euskadi-EDP taldean ari den Iosu Angoitia txirrindulari markina-xemeindarrak hartu zuen oroigarria.
Proba gogorra
Proba gogorra izan zuten Markina-Xemeingo lasterketan parte hartu zuten txirrindulariek. Gainera, lasterketaren denboran egin zuen euriteak, arriskutsu ere bihurtu zuen. Lurzorua bustita egotearen ondorioz, erorketak egon ziren ibilbidean, esate baterako Santa Eufemi eta Aulesti bitartean.
Aldaolako irteeratik atera ziren 129 txirrindularitik 43k amaitu zuten proba.
25. Sabin Foruria Memorialeko podiuma.