Lekeitio gero eta erdaldunagoa dela erakutsi dute kale neurketa egiteko egindako 3.400 elkarrizketek.Hori dela eta, sentsibilizazioan eta ahalduntzean oinarrituta, bi plangintza eramango ditu aurrera Lekeitioko Udalak.
Sentsibilizazio eta ahalduntze planak aurrera eramateko lanean ari diren lantaldeak. Argazkia: Lekeitioko Udala
Euskararen erabilera jaisten dagoela eta, Lekeitioko Udalak, kaleko hizkuntza neurtzeko eskatu zion Soziolinguistika Klusterrari. Honek, 2014ko uda eta udazken bitartean egin zuen Lekeitioko kaleetan neurketa. Aurretik, 2001ean egin zen neurketan neurtutako elkarrizketen %80 euskaraz ziren, eta 2008an berriz %63, 2014an bataz beste %66koa neurtu da. «Oso arrunta da hizkuntza batetik bestera aldatzen ibiltzea hizketaldi batetan, oso kontziente izan gabe erdaraz asko hitz egiten dugula», dio udalak.
Nahiz eta diskurtsoan badagoen euskararenganako sentsibilizazio handia, kaleko hizkuntzaren erabilera aztertuta bi hipotesitara heldu da udala: «Baliteke herritarren zati bati, berdin izatea euskaraz edo erdaraz mintzatzea, bi hizkuntzak menperatzen dituelako eta erosotasunez egin ditzakeelako. Hala ere, izan daiteke ere euskaraz bizi nahi duen herritargoa, egoera askotan ez izatea gai taldeko hizkuntza euskarara eramateko».
Ekintzak
Sentsibilizazioa: Herritarrak konturatzea gero eta erdara gehiago egiten dutela egunerokotasunean. Horretarako ahalik eta diagnostiko zehatzena zabalduko dute ( noiz egiten dugun erdaraz, zelan, zergatik…?
Ahalduntzea: Euskaraz bizi nahi dutenak identifikatu eta, egunerokoan euskaraz bizi ahal izateko formazioa emango diete. Hau da, zer egin genezake lagunartean adibidez euskaraz gehiago egiteko? Ze eredu eman behar dugu hori nahi dugunok? Zelan eragin genezake ingurukoengan modu eroso eta natural baten?
Bide horiek jorratzeko, lau lantalde daude lanean.
-
Dokumentala eta esketxak egiten dabilen lantaldea
- Komertzioetan zerbitzua eta hizkuntza paisaia euskalduntzen laguntzeko lantaldea.
- Lekeitiarreraren kalitatea lantzen dabilen lantaldea.
- Hizkuntza sentsibilizaziorako tailerrak ematen dabilen lantaldea.