Bertsotan ingurukoen artean “amorratuena eta finena” baldin bazen ere, plaza gutxi zapaldu zituen Roman Maiz Origuen Okelar modura ezagunagoak zenak.
Bera kantuan entzuten zuten guztiak «txundituta eta harrituta» uzten bazituen ere, ez zituen plazak oso gustuko. Hura ezagutzeko aukera izan zutenen arabera, oholtza baten gainean ez zen inoiz eroso sentitu. Hartara, berandu hasi zen plazan kantatzen ere.
Jon Azpillaga eta Roman Okelar santa eskean. Argazkia: Kalaputxi
Lehenengoa, 43 urte zituela egin zuen Imanol Lazkanorekin batera, eta gerokoan askotan saiatu baziren ere, gutxitan ateratzen zen Mutriku eta inguruetako girotik. “Behin edo behin joaten zen kanpora plazan kantatzera, baina ez zen ohikoena. Ezagutzen zuenak haren bertsoak oso gustuko zituen, eta plazetara eraman nahian saiatzen baziren ere, Okelarrek ez zuen gogo handirik izaten, antza”, gogora ekarri du Jon Azpillaga haren lagun minak eta hainbat urtean harekin koplatan ibilitakoak.
Jon Azpillaga Okelarren bertsolagun eta lagun minaren iritziz, plazetan ordez, nahiago izaten zuen sagardotegi eta elkarteetan lagunartean koplatan aritu, festa giroko saioetan
Azpillagaren iritziz, plazetan ordez, nahiago izaten zuen sagardotegi eta elkarteetan lagunartean koplatan aritu, festa giroko saioetan. “Ez zen plazagizona, baina kantatzeko aukera zuen bakoitzean fin aritzen zen lagunartean. Erraz egiten zuen bertsotan. Tabernetan egiten genituen bazkarietan eta afarietan, hantxe aritzen zen lasai. Bertsolari modura primerakoa zen».
Azpillagaz gain, Patxi Etxeberria, anaia Modesto, Joxe Makazaga Ziolar, Jon Mugartegi, Juan Mari Narbaiza eta Nikolas Zendoia izan zituen Okelarrek bertso lagun lagunarteko saio haietan.
Roman Okelar eta Jon Azpillaga, bertsotan. Argazkia: Jon Azpillagak utzitakoa
Era berean, ez zuen sekula txapelketa batean parte hartu. Ingurukoak sarri saiatu baziren ere, horretarako ere ez zuten konbentzitu. Azpillagaren hitzetan txapelketetan azaldu ez zen bertsolaririk onena izan zen. “Nik beti esan ohi nion zergatik ez zen bertso txapelketara joaten. Ez zen antza plazagizona, eta ez zuen nahi izaten txapelketetara aurkeztu. Nik beti horren pena izan dut. Txapelketara batetara joan izan balitz, txapela irabaziko zuen, bikaina zen bertsotan”.
Amak erakutsitakoa
1928an jaio zen Okelar Mutrikuko Laranga bailarako Pikuaga baserrian. Bi urte zituela familiarekin batera Ibiri auzoko Okelar baserrira joan ziren bizitzera, eta hortik datorkio ezizena.
Ama oso bertsozalea zuen, eta haren eskutik etxean ikasi zuten anaia Modestok eta biak koplatan. Aita oso bertsozalea baldin bazuten ere, ez zen ama besteko ona. “Amak bertsotan egiten zuen eta koplatan ere abila izan zen. Hark erakutsi zien bertsotan anaia biei”, gogoratu du Azpillagak. Biak ala biak bikainak ziren bertsotan, eta haien omenezko bertso paper lehiaketa antolatu ohi dute azken 30 urteotan Mutrikun.
Roman eta Modesto Maiz Okelar anaiek lehen urratsak koplagintzan egin zituzten, eta urte luzez bata zein beste a Mutrikuko santa eskeran falta ezin ziren koplariak ziren
Lehen urratsak koplagintzan egin zituzten, eta urte luzez bata zein bestea Mutrikuko santa eskean falta ezin ziren koplariak ziren. Adina aurrera eta, orain urte batzuk santa eskean koplatan aritzeari utzi bazion ere, herritarrek ondo baino hobeto gogoratzen zituzten haren inguruko koplak eta bertsoak.
Roman Maiz Okelar bertso paper lehiaketako saria banatzen. 2009an. Argazkia: Kalaputxi
Hain zuzen ere, Roman Okelar berak hain gustuko zuen egunaren bueltan zendu zen, otsailaren 6an: Mutrikun santa eskean ateratzen diren bezperan.
Mutrikuarrek “penaz” hartu zuten Okelarren heriotzaren berri. Jende askok maite eta apreziatzen zuen bertsolaria; horren seinale izan zen bere hileta elizkizuna. Eliza bete jende egon zen, eta Santa eskaleek harrera berezia egin zioten gorpuari elizako atarian. Era berean, mezetan ere herriko bertsolari batek baino gehiagok hari eskainitako bertsoak abestu nahi izan zituen.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.