Ekonomia urdinaren inguruan hausnartu dute Markina-Xemeinen, Gunter Pauli adituarekin
Jende asko batu da gaur goizean “Emprender en Blue Economy” titulupean, ospatu den ekonomia urdinaren inguruko jardunaldian. Esperantza erakinikeko Areto Nagusia txiki gelditu da Gunter Pauli, metodologia horren sortzailea entzuteko.
Ia bi urte daramatza Azaro Fundazioak, Gunter Pauligaz batera, ekonomia urdinak Lea-Artibai eskualdean izan dezaken aplikazioa aztertzen, eta gaur egun, mota horretako lau proiektu “urdin” garatzen ari da eskualdean kokatuta dauden enpresekin.
Gaurko jardunaldian, Ainara Basurko, Azaro Fundazioa eta Leartibai Garapen Agentziako Zuzendaria izan da lehen hitza hartu duena. Ekonomia Urdinean inspiratutako Blue Lab egitasmoa aurkeztu du Basurkok, tokiko ekonomia eta enpresa ehuna indartzea helburu duen egitasmoa. Jarduera ekonomiko berriak sortzeko dinamika, ekonomikoki bideragarriak eta ingurumen aldetik jasangarriak diren jarduerak eta lanpostu berriak sortzera bideratuta dago.
Azaro Fundazioaren Zuzendariaren ostean, Gunter Pauliren txanda iritsi da. Ekonomia Urdinaren aitak mundu mailan lehiatzeko gastuak gutxitu behar direla azpimarratu du, eta berrikuntza dela horretarako bidea.
“Baina ez berrikuntza teknologikoa, negozio eredu berritzaileak dira bilatu behar direnak, momentuan dugunarekin balio erantsiak aurkitu behar dira“.
Ehun sozioekonomikoaren erabateko eraldaketara bideratzera animatu du entzulegoa, berrindustrializaziora, daukagunarekin balio erantsiak sortzera, erosketa boterea hobetzera eta tokiko ekonomian diruaren abiadura handitzera.
Teoria hau indartzeko, kasu errealak ekarri ditu mahaigainera gaurkoan Paulik. Bere ibilbidean zehar martxan jarri dituen proiektu arrakastasu bezain “zoro, iraultzaile eta transformatzaileak” ezagutzera eman ditu: sarerik gabeko arrantza (burbuilak sortzen dituen itsasontzi berritzaile baten bitartez); ahuakate haziekin egindako ogi osasungarria saltzen duten okindegiak Hegoafrikan (elektrizitate arazoak direla eta eguzki panelekin hornitzen dituzte tokiko okindegiak); Bangkok-eko luxuzko hotel baten sabaian landatutako spirulina algekin egiten diren xaboi, smoothie (irabiakiak) edota spaguettiak (hiri-nekazaritzaren belaunaldi berria); Berlinen, haurren pixoihal biodegradagarrietatik fruitu-arbolak landatzeko aproposa den lurra lortzea…
Markina-Xemeingo adibidea
Markina-Xemeingo Larruz gaztandegiarekin garatu duten proiektuaren berri ere eman du: ahuntz gazta bat egiteko 10 litro esne behar dituzten bitartean, izozkiak egiteko negozioa dibertsifikatu eta esne litro bakarrarekin 5-6 litro izozki egin ditzazkete. “Landa inguruak transformazioa behar du. Turistak erakarri behar dira landa-ekonomia ezagutu dezaten. Hiriguneetan aldaketarako prestutasunik ez dago, baina periferian alderantziz gertatzen da“, azpimarratu du.
Azkenik, Gunter Paulik, ekonomia urdinaren aldeko apustua berretsi du, “enplegua sortzen duen ekonomia bat da hau, lehiatzeko aukerak ematen dituena, natura eta kultura kontutan hartzen dituena“. Gainera, Azaro Fundazioari eskerrak eman nahi izan dizkio, ekonomia urdinaren aldeko apustu hau egiteagatik, “metodologia hau itzuliko duen egitasmo lokal bat egon ezean, ez baita inora helduko, eta zuek, horretarako baliabideak dituzue“.
“Zuek euskaldunek, lur emankor eta aberatsa duzue, mesedez, ez ezazue pinu gehiago landatu” azpimarratu du Paulik gaurko hitzaldian.