Ondarroako berbetaren aberastasunaren jakitun eta belaunaldi gazteek aberastasun hori gorde dezaten, Ondarroako Udaleko Euskara Batzordeak Ahuakemonala egitasmoa jarri du martxan. Besteak beste, esketx lehiaketa, mugikorretarako app-a eta herriko berbetaren gaineko lehiaketa antolatu ditu.
Ahuakemonala egitasmoaren aurkezpena. Argazkian, Ana Elordi eta Fede Badiola aktoreak
Horrenbestez, martxan da lehenbiziko ekimena: esketx lehiaketa. Ondarrutarrek bertoko berbak batu eta batutakoagaz umorezko esketxak egitea da helburua. Mugikorragaz grabatutako esketxak izan daitezke, lagun artean, etxean edo ikasgelan, baina umorea eta ondarrutarren hizkera ardatz dutenak. Beharrak ekainaren 25erako bidali behar dira,
ahuakemonala@gmail.com helbidera. Beharrak
www.ahuakemonala.eus helbidean ikus daitezke, baita parte hartzeko oinarriak kontsultatu ere.
App aplikazioa
Jasotako berba eta esaera guztiak aplikazio batean batuko dira, eta, ostean, herritarrek euren arteko lehiaketa batean parte hartzeko aukera edukiko dute, herri hizkeraren gaineko ariketak eginez.
Badiola eta Elordi, antzezten.
Ekimena martitzenean aurkeztu zuten, jendeaurrean,
Fede Badiola eta Ana Elordi aktoreak tartean zirela. Leire Beitia jarduneko euskara zinegotziak nabarmendu zuenez, Udaleko Euskara Batzordean ikusi zen Ondarroan hainbeste berba eta esaera jator egon arren, gazteen artean gero eta gutxiago erabiltzen direla eta udalari zer edo zer egitea zegokiola, beti ere eragileen konplizitateagaz. «Gure nahaia da gure berbak eta esaerak kalera ateratzea, gazteengana heltzea eta gaur egungo bizi ereduagaz bat etortzea, hau da, gaur egungo teknologia berriak erabiltzea. Hortik sortu da Ahuakemonala proiektua», adierazi zuen.
Egitasmoaren nondik norakoak jendaurrean azaldu zituzten, Argia Ituarte alkatearen laguntzagaz.
Argia Ituarte jarduneko alkateak ere parte hartu zuen aurkezpen ekitaldian. «Bakoitzak bere izatea dauka eta mundua ikusteko bere era, baina batzen gaituenik ere bada, eta Ondarroan argi dago euskarak batzen gaituena. Harro gaude geure euskaldun izateagaz, eta denok daukagu ikasteko, gazteak nagusiengandik eta nagusiak gazteengandik», azaldu zuen.