"Gobernu egonkorra" lortzeko proposamenak egin ditu Mutrikuko EAJ-k
Berdeak Independenteak alderdiarekin akordioa lortzeko «asmo irmo eta sendoa» duela agertu du Mutrikuko EAJ-k.
Berdeak Independenteek EAJ-ri eta EH Bilduri igorritako 12 puntuz osatutako eskabideak aztertu eta gero, akordio batetara heltzeko bidea ikusten dutela nabarmedu dute.«Prozesu honetan lau urterako udal programa bateratuan parte hartzeko prest leudekeen ala alkatetzarako bozketara soilik mugatuko liratekeen galdegin diegu. Gehiengo baten oinarritutako gobernu baten sinisten dugu, horretarako ahalbiderik ikusiko ez bagenu, berriz, zalantzarik gabe, oposiziora joko genuke».
Jeltzaleen iritziz, hauteskundeen emaitzek egoera «interesgarria» utzi zuten Mutrikun. «Gehiengo nagusiak bukatu dira. Sortuko den udalbatza berrirako, benetako asmorik balego, akordioak lortzea litzateke gure benetako asmoa. Bitartean denok agertu beharko dugu mutrikuarren aurrean bakoitzaren benetako borondatea eta asmoa. Prest gaude herria gidatzeko, ez ordea, edozeren truke».
Jeltzaleek azpimarratu dutenez, EH Bilduk ez du nahi «inondik inora alkatetza eskutik aldatu». EAJ-ren arabera, ordea, mutrikuarrek «aldaketa» eskatzen dute.
Are gehiago, Bilduk azken lau urteotan beste alderdiak «aintzakotzat hartu ez» dituela nabarmendu dute. «Herriaren alde lan egingo zutela adierazi arren, inolako lotsarik gabe, mutrikuarren zati bat ordezkatzen genuen alderdiak aintzakotzat hartu ez eta iritzi bakarreko herria bagina bezala jokatu nahi izan du».