Abaroa Jauregia monumentu multzo kategorian sailkatzeko lanei hasiera eman dio Eusko Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak Abaroa Jauregia eta bere eremuaren duintasuna aitortzen duen izendapena eskuratzeko tramitazioa hasi du gaur. Ondare multzo kategorian sartuko da Abaroa gunea, dagoen kategoriarik altuenean.
Urte hauetan hainbat bilera egin ditu Lekeitioko Udalak izendapena lortzeko, eta orain dirulaguntzak lortzeko aukerak egongo dira eta eraikinaren birgaitze lanak egiteko erreztasunak izango ditu udalak. “Txosten historikoa prestatu da, herritarrekin prozesu partehartzaileak egin dira, lorategia bere auzolanean berreskuratu da eta orain eraikinekin lanean hasteko laguntza ekonomikoak izango ditugu”.
Auzolanean dabiltzan guztien lana eskertu du udalak, bai eta Abaroa Biztu prozesuan parte hartu duten herritar guztien ekarpena ere. “Aurrerantzean ere, espero dugu Abaroaren etorkizunean herritarrek ardatz izatea”, nabarmendu dute.